ULMAk, berriro ere, solidarioa dela erakutsi du — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMAk, berriro ere, solidarioa dela erakutsi du

ULMA Fundazioak emaitza bikainarekin eman dio bukaera Sahararako eskola materiala biltzeko kanpainari, zeina martxoan eta apirilean ULMAko kooperatiba guztietan martxan jarri baita.
ULMAk, berriro ere, solidarioa dela erakutsi du
2016/05/12

Kanpainaren balorazioa oso ona da. Kooperatibetan eman duzuen materiala biltzen bukatu dugu eta emaitza ikusgarria izan da.
Irudi honetan ikusten duzuena jaso dugun materialaren zati bat baino ez da. Material berria eta erabilia, dena baliozkoa, egun gutxitan sahararren kanpamenduak dauden Aljeriako basamortura eramateko.
Egun hauetan, Jose Antonio Urteaga ULMAko bazkide erretiratua buru duen Hermansoloña GKE (Hermanamientos solidarios de Oñati) saharar talde batekin lanean ari da jasotako materiala txukuntzeko. Materiala Oñatitik aterako den furgoneta batean eramango da egun gutxitan, zuzenean Tindufeko kanpamentuetara.
“Pentsatzen genuena baino askoz material gehiago jaso dugu, ULMA oso solidarioa da. Bidali nahi genuen furgoneta ez da nahikoa izango material guztia eramateko. Bi bidaiatan eramateko antolatuko dugu dena, eta bigarren aldian, Tindufeko kanpamenduetatik urrunago dagoen Dagla probintziara joango gara, hain zuzen ere, Oñatirekin senidetuta dagoen Gleibat El Fula herrira. Herri hau 200km urrunago dago, baina asko gustatuko litzaidake hara ere zerbait eramatea”. Jose Antonio Urteagaren hitzak dira, Hermansoloñaren biltegian materiala sailkatzen ari zen bitartean.


Batez ere motxilak eskatzen genituen, akordatzen zarete? Oso pozgarria da komunikatzea guztira 242 motxila bildu ditugula! ULMAko langileen kolektiboa lankidetzarako prestasun handikoa dela esan dezakegu eta emaitzak erakusten du oso solidarioa dela. Eta, elkartasun hori ez da ULMAko langileengan bakarrik geratzen, ULMAn lanean ari diren kanpoko kontratek ere oso eskuzabal parte hartu baitute kanpaina honetan.


Tindufeko kanpamenduko eskolan zuen materialak erabiliko dituzten umeen izenean, ULMA Fundazioak bihotz-bihotzez eskerrak ematen dizkizue zuen adeitasun eta eskuzabaltasunarengatik, eta emandako material guztiarengatik. Furgoneta hara iritsi bezain laster, argazkiak argitaratuko ditugu zuzenean ikus dezazuen materiala haraino iritsi dela.