Nerea Arregui - ULMA Taldeko beste talentuak — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Handling Systems

Nerea Arregui - ULMA Taldeko beste talentuak

Taldeko langile eta bazkideek bateratu egiten dituzte beren ibilbide profesionala eta zaletasun oso zorrotzak, eta erakusten dute talentuarekin eta esfortzuarekin horma guztiak botatzen direla. Ez iratzargailuaren petralkeriak, ez geografiako urruneko puntuetara joan beharrak ez dituzte kikiltzen. ULMA Taldeko langileen familiako parte dira, eta ezin hobeto uztartzen dituzte lanbidearen betebeharrak betetzeko ardura eta eliteko kirol edo musika bezalako jarduerak. Beren zaletasunak entretenimendutik askoz harantzago doaz.
Nerea Arregui - ULMA Taldeko beste talentuak
2015/07/17

| LEHIAREN LILURA

Nerea Arregui makalarazten duen gauza bakarra egonean egotea da. Orain dela 26 urte jaio zen Zarautzen, Elgoibarren bizi da eta Oñatin lan egiten du, baina batetik bestera ibiltzea erabateko harmonian daraman errutina bat da. ULMA Handling Systemseko ingeniari logistikoa da eta, zalantzarik gabe, biltegia automatizatzeko behar planifikazio zorrotzak lagundu egingo dio bere denbora ondo kudeatzen, izan ere, laneko konpromisoak betetzeaz gain, beharrezko ahalegin guztiak eskatzen dion pasio handi bat dauka: eskubaloia. Nerea Aiala Zarautzeko jokalaria da; taldea emakumeen eskubaloiko lehen mailara igo berri da, 32 urtez beheko kategorietan aritu eta gero, eta beste arrazoi batzuen artean dago Nereak 65 gol sartu izana, ingeniari hau bere konbinatuko hirugarren golegile bihurtu dutenak. Asteburuetan lehiatzen da, ia egunero entrenatzen du, eta zaila du etxera gaueko hamaikak baino lehen iristea.
“Lehiak zoratu egiten nau. Irabaztea asko gustatzen zait. Energia deskargatzea behar dut eta lagunekin egon. Niretzat erlaxagarria da, eta emaitzak alde daudela ikusten duzunean errazagoa da”, dio. Nerearentzat eskubaloia dibertsioa da. Umetan hasi zen kirol honetan, federatzen hasita zeuden eskolako lagunek bultzatuta, eta harrezkero uztartu egin ditu lehia eta eguneroko errutinako zereginak. Kirolean oso ongi dabilen arren, bere burutik ez da pasatzen eskubaloian esklusiboki egitea.
“Nire buruan ez dago lanbide bihurtzea. Guk ez dugu ezer kobratzen. Oso gutxi bizi dira eskubaloitik. Emakumeen kirola, oro har, ez dago ondo baloratuta”, gehitu du. Nerea Arreguiren lehentasuna ULMA Handling Systemsen duen lana da, baina ilusio handiz helduko dio datorren denboraldiari, ez jaisteko esperantzarekin, eta taldearen historian beste atal arrakastatsu bat idazteko nahiarekin. “Asko sufritu behar dugu, baina baita disfrutatu eta ikasi ere. Jokalari guztiak zarauztarrak gara, denak harrobikoak. Gure helburua da beste urte batez kategoria gorenean mantentzea”, dio.

>> Nerea Arregui Aiala Zarautz eskubaloi taldeko partida bateko une batean.