ULMA Taldearen Laneko Segurtasun eta Osasunaren Arloa — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMA Taldearen Laneko Segurtasun eta Osasunaren Arloa

Gaur egun, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Arloa Arloko arduraduna den Iñaki Igarzabalek, Lan medikua den Anabel Luengok, Enpresako EUDak diren Maite Elguerok eta Mirari Malbadik eta LAPeko teknikaria den Aitziber Camposek osatzen dute.
ULMA Taldearen Laneko Segurtasun eta Osasunaren Arloa
2014/07/21

Taldeko kooperatibako guztietan garatzen du bere eguneroko jarduna, eta lau ataletan banatu liteke: Laneko Arriskuen Prebentzioa, Osasunaren Zaintza, Osasun Laguntza eta Osasunaren Sustapena.

Laneko Arriskuen Prebentzioaren atalean, kooperatibei aholkularitza ematen zaie segurtasun eta osasun batzordeen bidez, prebentzioari buruzko egoeraren txostenak egiten dira eta, bereziki, prebentzioko teknikariekin elkarlana egiten da arriskuak ebaluatzeko, prebentzio neurriak hartzeko eta arriskuak kontrolatzeko. Datozen urteetarako maila honetan Taldeak dituen erronkak hauek dira: eremu honen lidergo maila handitzea, kolektibo guztia sentsibilizatzea eta inplikatzea Laneko Arriskuen Prebentzioan denak ezinbesteko laguntzaile izan daitezen. Halaber, etsenpluan eta konfiantzan oinarritutako prebentzio kultura bat ezartzea.

Osasunaren Zaintzaren atalari dagokionez, kolektibo osoaren zaintza indibiduala eta kolektiboa egiten dugu, azterketa medikoak eginez, osasunari buruzko inkestak, kooperatibarentzako ondorioak ateraz, prebentzio neurriak ezarriz eta lanari lotutako gaixotasunak aztertuz.

Laneko Segurtasun eta osasunaren Arloak Taldeko Segurtasun eta Osasun Batzordean eta Prebentzioko Teknikarien Batzordean parte hartzen du.

Kontsulta medikoa kooperatiba guztietan, gaixotasun kronikoen jarraipena, urgentzia medikoetan laguntzea, aldizkako analisiak eta osasunari buruzko informazioa eta prestakuntza dira Osasun Laguntzaren atalaren zatirik handiena. Jarri ditugun helburuetako bat da estaldura atzerriratuta dauden bazkide eta langileengana zabaltzea.

Osasunaren Sustapenaren atalean, berriz, proiektu berri bati ekin zaio, lehenago egiten ziren ekintzak elkartzen dituena – Izan osasuntsu. Proiektua ezinbesteko beharra da etorkizunari aurre egiteko eta osasuna enpresaren helburu estrategiko moduan hartu dadin. Izan Osasuntsu ekimenaren helburu nagusia ULMA Taldeko bazkideen osasuna hobetzea da, trebetasun eta erantzukizun pertsonalen zein kolektiboen bitartez, osasunaren kudeaketari, segurtasunari, autozainketari eta garapen pertsonalari lotuta.

Arlo honetan garatzen diren ekintzen jomuga dira ariketa fisikoa sustatzea, ingurune psikosoziala hobetzea, ohitura osasungarriak bultzatzea (hidratazioa, nutrizioa, mendekotasunak gaindittzea…), gune kardio-babestuak eta ingurune sozialerako ekintzak.

IÑAKI IGARZABAL
Laneko Segurtasun eta Osasunaren Arloko arduraduna

Talde mailan bi batzordetan parte harten da: batetik, Taldeko Segurtasun eta Osasun Batzordea kooperatiba bakoitzeko prebentzioko arduradunek osatzen dute, eta bere zereginak dira estrategia komunak ezartzea eta Organo Sozialak eta Zuzendaritza Kontseilua aholkatzea laneko arriskuei buruz; eta, bestetik, Laneko Arriskuen Prebentziorako teknikariek osatzen duten Teknikarien Batzordea, irizpide teknikoak bateratzeko, tresnak garatzeko eta praktika onak komunikatzeko sortua. Horrez gain, ULMA Taldearen ordezkaritza instituzionala egiten da Osarten bezalako erakundeetan.