ULMAn ardura berriak hartzeko prestatzen — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMAn ardura berriak hartzeko prestatzen

Guztira 53 lagunek hartu dute parte negozioetako kontseilu errektoreetan, kontseilu sozialetan eta zaintza batzordeetan sartu diren pertsona berriei zuzendutako eta GUnea Academyren bidez emandako formazioetan.
ULMAn ardura berriak hartzeko prestatzen
2026/10/16

Organo kooperatibo batean sartzeak eskatzen du erantzukizun berriak bere gain hartzea eta organo horren funtzionamendua, organo bakoitzaren funtzioak eta erabakiak hartzean aintzat hartzen diren alderdi ekonomiko eta juridikoak ulertzea. GUnea Academyk bultzatutako formazioekin, organo horietan sartzen diren kideei lagundu nahi zaie, eta ULMAko errealitatearen eta gestio ereduaren ikuspegi orokorra eskaini.  

Azken edizio honetan 53 lagunek hartu dute parte: 23 lagun kontseilu errektoretakoak, 9 zaintza batzordeetakoak eta 22 kontseilu sozialetakoak. Saioek eduki teorikoak eta dinamika praktikoak uztartzen dituzte, eta, besteak beste, kooperatibismoan, komunikazioan eta finantzetan espezialista diren barneko eta kanpoko pertsonek parte hartzen dute bertan. Une nabarmenetako bat mahai ingurua da. Bereziki ondo baloratutako unea da, organoen barruan esperientzia eta erantzukizun desberdinak dituzten pertsonek beren bizipenak eta ikaskuntzak partekatzen baitituzte bertan. Prestakuntzak antzeko egoeran dauden beste negozio batzuetako partaideekin esperientziak trukatzeko aukera ere ematen du. 

Programak organo bakoitzaren funtzioetara egokitzen dira: Kontseilu Errektoreak eta Zaintza Batzordeak gobernantzan eta finantzetan sakontzen dute, eta Kontseilu Sozialak kolektiboarekiko komunikazioan eta konexioan jartzen du fokua. Hala, ULMAk erantzukizun horiek bere gain hartzen dituztenei laguntzen die, eta eredu kooperatiboaren gaineko ezagutza sendotzen laguntzen du.