Eñaut Sarriegi, ULMA Handling Systemsetik Brasilera atzerriratua — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Handling Systems

Eñaut Sarriegi, ULMA Handling Systemsetik Brasilera atzerriratua

Brasil: sanbaren eta caipirinharen herrialdea, hondartza luze-luzeak, faunaren eta floraren aniztasuna, arraza nahasketa, kontrastez beteriko herrialdea, historia labur baina garrantzitsua duena. São Paulo: “terra da garoa”, Brasilgo gune ekonomikoa, kaosaren hiria garraioari eta mugikortasunari dagokienez, krimen indize handikoa, gelditzen ez den hiria.
Eñaut Sarriegi, ULMA Handling Systemsetik Brasilera atzerriratua
2013/12/27

“Horrelaxe deskribatuko nuke, hitz gutxitan, duela ia urtebete hartu ninduen lurra, orduantxe lotu bainintzaion, motibazioz gainezka eta nostalgiak alde batera utzi nahian, nire ibilbideari Brasilen. 2013ko urtarrilaren 22an lur hartu nuen Cumbicako Nazioarteko Aireportuan (Cumbica da Guarulhos hiriko barruti bat eta, bertakoek diotenez, behe laino esan nahi du Tupi hizkuntzan), abentura berri honi ekiteko asmoz. Aurretik ere bidaia batzuk egin nituen Brasilera, eta egonaldi bat ere egina nuen, 2012an, bertara egokitzeko. Oraingoan, ordea, sentsazioak desberdinak ziren. Agurrak luzeagoak izan ziren, gogorragoak, eta malkoak agerikoagoak maite nautenen artean, hau da, etxean egutegiari begira eta hurrengo bisitaldira arte atzera kontua egiten utzi nituen haien begietan.

Iritsi nintzenean, zereginak bi alorretan banatuta neuzkan. Alde batetik, labetik atera berria zen kudeaketa plan bat neukan esku artean, pausoz pauso gauzatu beharrekoa emaitzak deskubrituz joateko; bestetik, arlo pertsonalean, nire egonaldia erregularizatu behar nuen Brasilen. Arlo pertsonalean, egoera erregularizatzea zeregin gogorra izan da. Izan ere, gai horretan ehuneko ehunean diharduten profesionalen laguntzarik gabe, zeregina betetzea oso zaila da; baita osasunerako kaltegarria ere.

Bidezidor paraleloak ibili behar dituzu, alde batetik bisa eta enpleguaren erregulazioa; bestetik, bizitzeko etxebizitza bilatzea… São Paulon zeure lekua hartzen duzunean hartzen duzu lehenengo lasaitua. Hurrengo urteetan zure etxea izango denaren giltzak ematen dizkizutenean, sentipen arraro batek zeharkatzen dizu gorputza. Oraindik ez zaude herrialdean psikologikoki kokatuta, errealitatea ezagutu ezagutzen duzu, bai, baina ez duzu oraindik sinetsi. Baina une horretan, etxean lehen aldiz sartu eta sinesten hasten zara, eta pentsatzen duzu: ba, dirudienez, hau guztia serioa da! Sekula atera gabea nintzen nire Beasain maitetik laneko bidaia baterako edo turismoa egiteko ez bazen.

Sekula bizi gabea nintzen kanpoan. Beraz, egoera erabat ezezaguna zen niretzat. Ordu arte, gainera, ez nintzen inoiz bizi izan bakarrik; lehenengo gurasoenean, eta gero bikotekidearekin, baina bakarrik inoiz ez. Poliki-poliki, gertutik ezagutuz joan nintzen hiriaren eta herrialdearen alde positiboak eta negatiboak. Eta gauza negatiboak egon badaude ere, zentzugabeak iruditu eta harrituta uzten zaituztenak, egia esanda, behin bertako esentzia ulertzen eta barneratzen duzunean, ikuspegi baikor batek hartzen zaitu eta une batez ahantzi egiten duzu alde negatiboa.

São Paulo famatua da bere auto ilarengatik eta, gainer, oso garestia da. Baino hiriko biztanleek gauza negativo guztiak ahaztarazi egiten dizute.

São Paulo, astegunetan, eraman handiko pertsonentzat da, auto ilara batean erlojua aurrera nola doan ikusi eta gehiegi haserretzen ez direnentzat. Ezagutu duenak badaki. Horretaz aparte, hiri garestia da, prezioak oso-oso puztuta daude ordaintzen diren zergak direla eta. Zerga horien ondorioak ez dira herrialdean islatzen, ordea. Oso herrialde atzeratua da hezkuntzan, osasunean, azpiegitura publikoetan, segurtasunean etab. Horrek guztiak lotsarazi egiten du maila intelektual ertain-altuko brasildar xehea eta gobernuari erantzun bat emateko eskatzen dio. Horren erakusgarri, 2013ko Futbol Konfederazioen Kopa jokatzen ari zela autobus txartelaren prezioa zela-eta hasitako protestak, non azkenean herria matxinatu egin baitzen era guztietako aldaketak eskatzeko eta, finean, herrialdearen egoera eta bizi kalitatea hobetzeko.

Gauza negatibo guztien ordainetan, Brasilek brasildarra ematen dizu: atsegina, lagunkoia, falador... eta edozein ordutako poztasuna eta bizitasuna egunez nahiz gauez. São Paulok, besteak beste, aukera gastronomiko handia eskaintzen dizu (ez da harritzekoa euskaldun batek gai hau azpimarratzea). Eta gure aitak labean prestatzen duen zapoa beste inon jatea ezinezkoa bada ere (ezta antzekorik ere...), daukazun jatetxe aukera sekulakoa da. Mokofin xamarra denak hiriburu perfektua du São Paulo.

Lan arloari dagokionez, ULMA Handlingek muntatuta eta martxan zeukan filiala ni joan baino urte batzuk lehenagotik. Nire misioa, hara joan nintzenean, Brasilen Supply Chain Software eta Pick To Light Systems negozioak lantzea zen, hau da, tamaina txikiko soluzio logistikoak lantzea, goraka datozen merkatuetan, Brasilgoan kasu, oso ondo egokitzen dira eta. Konplexutasun fiskalak tarteko, ez da erraza gauzak egitea; eremu geografikoa itzela da; latindar izaeraren berotasuna dela eta, zaila da bezeroen feelinga lortzea proiektu baten edo proposamen baten aurrean; unean uneko erabakien ondorioz, estrategien norabidea aldatu egiten da; lan merkatua oso aldakorra da…

Nire lana Brasilen Supply Chain Software eta Pick To Ligth Systems soluzio logistikoak garatzea da

Niri neuri atentzioa eman dit azken puntuak. Oso ohikoa da 6 hilean behin lanpostuz aldatzen duten pertsonak ezagutzea. Horrek zuzenean eragiten dio proiektu batek duen umotze aldiari eta baita garapenari ere, izan ere, ez da ezohikoa izaten zure solaskideak ezer esan gabe eta lekukoa inori pasatu gabe enpresa uztea eta, ondorioz, prozesu osoa 0tik hasi behar izatea. Bai bizitza profesionalean bai hortik kanpo, jende asko ezagutu dut, eta horri esker esan dezaket, eta esan behar dut, inoiz ere ez naizela atzerritar sentitu. Hasiera-hasieratik, São Paulo Handiko 21 milioi biztanleen arteko beste brasildar bat izango banintz bezala hartu naute.

Lehen-lehenik, nola duzun izena galdetzen dizute. Lehena, kopeta erdian. Joan eta azaldu Eñaut izena duzula. Azkenean, izen brasildarra jartzen diozu zeure buruari, esaterako, Ronaldo. Halaxe ezagutzen naute etxe ondoko Starbucksean. Nire izena ikasten duenak bi arazo gehiago izaten du: ondo ahoskatzea eta behar bezala idaztea. Ahoskatzean, Enautxi bezalako zerbait esaten dute soinu exotiko batez. Idaztean, berriz, frantsesaren eta Renault automobil markaren eraginez, Enault idazten dute. Politena da ikustea nola begiratzen dioten nire bisita txartelari laneko bileretan. Eñaut Sarriegi Gorrotxategi! Harrapazank!

Pasadizo, abentura, arazo eta bestelako gertakari askoren artean, aldi honetan, zorionez, ULMA Handlingen filialeko jendearen babesa eta Oñatiko laguntza baldintza gabea izan ditut. Horiek guztiek lagundu egin digute bai niri, bai nire anaia atzerriratuari, Gorkari, une onetan eta ez hain onetan, eta baita egoera erregularizatzeko egin behar izan ditugun izapide guztietan. Gainera, esan behar da denbora gutxi behar izan genuela lagun taldea osatzeko, une onetan kuadrillaren rola betetzeko eta une txarretan, berriz, familiarena. Horiek guztiak gabe, “bidaia” hau askoz ere zailagoa izango litzateke eta orain artean nire bizitzako erronka profesional eta pertsonal handiena izan den honek, seguruenik, garraztasun punttu bat izango luke.

Goizeko 7ak dira, hasi da egun berria. Ea ba, mirariz, ez naizen auto lerro batean gelditzen…

"Saudações desde São Paulo, meu lar, longe do lar".