4.000tik gora menu osaasungarri zerbitzatu dira, “11 jatetxe 11 menu osasungarri” kanpainak iraun duen 11 asteetan. — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

4.000tik gora menu osaasungarri zerbitzatu dira, “11 jatetxe 11 menu osasungarri” kanpainak iraun duen 11 asteetan.

ULMA Taldeak, bere jarduera esparruaren barruan, bukatutzat eman du 11 aste iraun duen Menu Osasungarriak kanpainaren sustapena. Ekimena kanpainari atxikitako Jatetxe Itunduetan burutu da.
4.000tik gora menu osaasungarri zerbitzatu dira, “11 jatetxe 11 menu osasungarri” kanpainak iraun duen 11 asteetan.
2012/07/30

ULMA Taldearekin ituna egina duten jatetxeetan egunero bazkaltzen duten bazkideen eta langileen portzentajea handia dela jakinik, iaz, 2011ko azaroan, eta ULMA Fundaziotik sustatutako ekimenaren barruan, menu osasungarriak sustatu eta hedatzeko Kanpaina bat abiarazi zen, elikadura eskaintza orekatu bat izateko kezka goraka zetorrela-eta horri erantzuteko.

Menu Osasungarrien kanpainaren ardatza ULMA Taldearekin itundutako jatetxeen sarean sustapen eta hedatze lana egitea izan zen, jatetxeotako menuan egunero plater osasungarriak eskain zitzaten. ULMA Taldeko bazkideek eta langileek laguntza izan dute kanpainari atxikitako jatetxeetan, eguneroko menuan plater osasungarriak aukeratzeko orduan.

ULMA Taldeko Marka, Komunikazio eta Erantzukizun Sozialeko Zerbitzua arduratu da kanpaina aurrera ateratzeaz, eta horretarako, dena ondo irteteko behar ziren euskarri guztiak eskaini zitzaizkien atxikitako jatetxeei. Taldeko bazkideen eta langileen artean plater osasungarri eta orekatuak aukeratzeko joera sustatzeko helburuaz, joan zen martxoaren 5ean “11 Jatetxe 11 Menu Osasungarri” ekimena abiarazi zen. Hartara, halako platerak aukeratzea saritu egin zen astean behin atxikitako jatetxe bakoitzean bi pertsonarentzako Menu Osasungarri berezi bana zozketatuz.

Guztira, kanpainak iraun duen 11 asteetan, 4.032 parte hartze izan da. Ekimenaren arrakasta handia izan da beraz, eta erakusten du ULMAko kolektiboa noraino konturatzen den elikadura orekatu batek duen garrantziaz. Gainera, inkestak egin dira, erabiltzaileek kanpainari buruz duten iritzia jakiteko asmoz. 246 inkesta jaso dira guztira eta, emaitzak aztertu ondoren, ikusi da %86k aukera osasungarriaren alde egiten duela astean bi edo hiru aldiz, eta horrek agerian uzten du ekimenak onarpen handia izan duela bazkideen eta langileen artean. Elikadura osasungarri batek daukan inportantziari dagokionez, inkesta egin dutenen %84k uste du faktore garrantzitsua (%37) edo oso garrantzitsua (%47) dela. Azkenik, hobetzekoei buruzko proposamen gehien gehienek jatetxeetako sukaldaritzarekin dute zerikusia: proposamenak janariak prestatzeari buruz, proposamenak menuetan sartzeko elikagaiei buruz eta plater moten gaineko proposamenak, aukera zabalagoa izateko.

 

GABRIEL KAPANAGA - ULMA Packaging

“Lehen Otxandion lan egiten nuen; orain zeregin berriak ikastera etorri naiz hona eta bi hilabete daramat etxetik kanpo jaten. Duela bi astera arte, gustatzen zitzaidana jaten nuen eta ez nuen aukera osasungarrira jotzen, baina duela bi aste analisia egin ziguten eta kolesterol asko daukat; beraz, harrezkero egunero jaten dut aukera osasungarria. Nire ustez, kanpaina oso ondo dago zaindu egin behar dugunontzat. Finean, jatetxeek antzeko platerak eskaintzen dituzte, baina gutxiago betetzen dute eta jateko ere gozoagoak dira. Nire ustean, kanpaina hau betirako izan beharko litzateke”.

GERARDO MARKINEZ - ULMA Orga Jasotzaileak

“Egunero bazkaltzen dut etxetik kanpo eta kanpaina abiatu zenetik jatetxeek adierazten diotenari jarraitu ohi diot eta denetarik jaten saiatzen naiz. Kanpaina oso ondo dago, zeren eta, nire ustez, berriz ikasi behar baitugu jaten; ildo horretan, janarietan aukera handia egotea eskertu egiten da. Nik bai ikusi ditut aldaketak menuetan; hala ere, uste dut kanpaina abiatu aurretik ere kontu hau zaindu egiten zela eta menuak osasungarriak zirela. Ez daukat ezer hobetzeko proposamenik, nire ustez, oro har, gauzak nahiko ondo egiten dira eta”.

GORKA GONZALEZ - ULMA Architectural Solutions

“Astegunetan egunero bazkaldu behar dut etxetik kanpo, baina jatetxeetara 15 egunean behin edo gutxiagotan joaten naiz. Nire ustez, menu osasungarriak oso ondo daude eta nik neuk kontuan hartzen ditut. Kanpainari dagokionez, nire ustez denok daukagu pertzepzio bera; esango nuke normalean, jatetxe batera joaten zarenean, ohi baino gehiago jaten duzula, eta kanpaina honekin, berriz, kaloria gutxiago jaten saiatzen zara”.