ULMAPLUS-ek, ULMA Taldeko Ordainsari Malguaren Programak, urtebeteko ibilbidea egin du
Ekimen hau ULMA Taldeko kolektibo ezberdinak, ordainsariari dagokionez, egiten ari diren esfortzu handiaren testuinguruan sortu da eta neurri batean, aipatutako doikuntzen eragina arintzeko bitarteko modura azaldu da.
ULMAPLUS programak diruzko ordainsariaren zati bat gauzazko ordainsariak ordezkatzeko aukera ematen du, PFEZ-tik salbuetsita dauden produktu eta zerbitzuak kontratatuz eta bazkide/langile bakoitzak bere lehentasun eta beharren arabera aukeratuz. Aurrezten dena bikoitza da, PFEZ-n produktu edo zerbitzu hauen balioa ez ordaintzeagatik, legeak ezarritako mugekin, eta gainera, kontratazioarengatik diruzko ordainsaria murrizten denez, PFEZ tipoa ere txikiagoa izan daiteke.
ULMAPLUSen zerga onurak dituzten zerbitzu eta produktuak istripu aseguruak, formazioa, haurtzaindegi zerbitzua, egungo jatetxe txartelen hobekuntza eta tresna informatikoen erosketa dira. Mediku asegurua ere kontratatu daiteke, nahiz eta 2014an zehar ez den eskuragarri izango EAEn, Foru Ogasunek zerga salbuespenetik kanpo utzi baitute.
Iaz guztira 238 bazkide eta langilek egin zuten bat ULMAPLUS Ordainsari Malguaren Planarekin. Ekitaldi berriari begira planaren balorazioa egingo da, maiatzean berritzea erabakitzeko.