ULMAko STEAM sarea: emakumeen talentua eta erreferentzialtasuna industriaren bihotzean — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMAko STEAM sarea: emakumeen talentua eta erreferentzialtasuna industriaren bihotzean

Zortzi urte bete ditu ULMA Taldeko Berdintasun Batzordeak. Denbora honetan, negozio guztientzat baliagarriak diren ekintzak bultzatu ditugu —formakuntza, sentsibilizazioa, gidak…—, betiere taldeko talentu guztiei balioa emateko asmoz. Gure erronka nagusia argia da: genero-berdintasuna gure ingurunean sustatzea.
ULMAko STEAM sarea: emakumeen talentua eta erreferentzialtasuna industriaren bihotzean
2026/02/11

Errealitatetik ekintzara: STEAM sarea sendotzen

2023-2026 aldirako II. Berdintasun Planaren barruan, urrats garrantzitsu bat eman dugu: STEAM sarea sortu dugu ULMAn. Ikasketa teknikoak dituzten eta eremu produktibo zein teknikoetan lan egiten duten emakumeek osatzen dute sare hau, beste emakume batzuentzat erreferente izateko. Gaur egun, 33 emakume gara sare honetan.Kaixo

Sarearen helburua bikoitza da:

  • Barnera begira: emakume teknikarien lana ikusarazi eta balioan jarri, beste batzuei bidea irekitzea.
  • Kanpora begira: ULMA proiektu erakargarri gisa aurkeztea, talentu femeninoa erakarriz eta industria inklusiboago baten aitzindari izanez.

Topaketa: erreferente hurbilen garrantzia

Gaur, Otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Duela egun batzuk, gure II. Topaketa ospatu genuen: "STEAM giltzak: errealitatetik ekintzara" lelopean. Gurekin izan genuen Mari Luz Guenaga Gómez, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria, emakumeek zientzia eta teknologia arloetan duten garrantzia ikusarazten eta erreferente hurbilak nabarmentzen lanean diharduena.

Mari Luzen hitzetan, “STEAM sareek pertsonak, ezagutza eta erreferenteak konektatzen dituzte, estereotipoak hausten laguntzen dute eta gazteek beren burua lanbide teknikoetan ikustea errazten dute. Neska eta emakumeekin lanean jarraitzea beharrezkoa da, eta gizonak ere inplikatu behar dira berdintasunak guztion onura ekar dezan.”

Topaketan parte hartu zuten Idoia Besada Salgadok (ULMA Medical Technologies) eta Eva Sacristanek ere beren esperientzia partekatu zuten.

Idoiaren hitzetan, “ULMAn STEAM sare bat izatea paregabea da: elkar entzun, esperientziak partekatu eta indartzeko espazioa sortzen du, eta rol teknikoetan emakume gehiago egotea posible dela erakusten du.”

Eva Sacristanek, bere aldetik, sarearen balioa azpimarratu zuen enpresen egunerokoan. “Ekimen hauek emakumeen presentzia indartzen laguntzen dute, erreferente berriak sortuz eta lidergo teknikoan emakumeak ere protagonista izan daitezkeela erakutsiz. Gainera, ikuspegi anitzagoak txertatzeak enpresa-kultura aberasten du eta talentua mantentzeko ingurune seguruagoa sortzen du.”

Etorkizunera begira

Ikerketek diote dibertsitatea duten taldeen berrikuntza eta lehiakortasuna handiagoa dela. Horregatik, STEAM sarearekin lanean jarraituko dugu, emakumeen presentzia indartuz eta etorkizuneko industria inklusiboago bat eraikiz.