ULMAk, Oñatiko Santxolopeztegi auzoan, industrialderako bidea egokitzen parte hartzen du — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMAk, Oñatiko Santxolopeztegi auzoan, industrialderako bidea egokitzen parte hartzen du

Oñatin prest dago dagoeneko Santxolopeztegi auzoan bidegorritik industrialdera igotzeko bidea. Lehengo galtzada egokitu eta galtzada eta harlauza erdibana jarri dute lehenengo zatian, eta asfaltoa dago bigarrenean, bizikleta edo patineteentzat aproposa izan dadin.
ULMAk, Oñatiko Santxolopeztegi auzoan, industrialderako bidea egokitzen parte hartzen du
2021/04/29

100 metro inguruko tartea da, tarte ez luzea, baina lanera bizikletaz joaten zirenei seguruago joateko aukera emango diena, eta joaten ez zirenei horretara anima daitezen gauzak erraztu. Izan ere, orain arte, Santxolopeztegiko industrialdera bizikletaz joaten zirenek Zubillagarako biribilgunean errepidera irten behar izaten zuten, bidegorria utzita. Lanek 150.000 euroko kostua izan dute. Eusko Jaurlaritzak 47.500 euroko dirulaguntza eman du, eta industrialdean lantegiak dituzten Lana, Fagor Industrial eta Ulma kooperatibek 10.000 euro jarri dituzte bakoitzak.

Udala eskertuta

Udalak eskertu egin du enpresek finantzaketan parte hartu izana. 500 langile inguru joaten dira egunero lantegiotara, baina nahikotxo gehiago ere badira industrialdean lan egiten duten pertsonak. Hona hemen lantegietako ordezkariek eta alkateak esandakoak:

Jone Urtzelai, Fagor Industrialeko lehendakaria: "Biribilgunea arriskutsua zen, eta proiektuaren berri izatean interesa agertu genuen".

Mirari Zilaurren, Lana kooperatibako lehendakaria: "Onura da enpresentzat, eta baita paseoan datozenentzat eta auzoarentzat, ikusarazi egiten duelako".

Lander Diaz de Gereñu, Ulma kooperatiba taldeko lehendakaria: "Langileak era jasangarriagoan etor daitezen nahi dugu. Bide hau egitea zoragarria da, aitzakiak jartzen dituenari aitzakia kentzen diozu".

Izaro Elortza, Oñatiko alkatea: "Halako proiektu baten elkarlanean aritzea beti da positiboa, eta horrek erraztu egin du proiektua aurrera eramatea".

Trazatua berreskuratu

Zerbitzuetako eta Landa Garapeneko zinegotzi Bixente Urrutiak azaldu du, bere aldetik, obra honekin Oñati eta Elorregi arteko bidegorriak hasiera batean zuen trazatu zatia berreskuratu dutela: "Stadler eta Fagor Industrial artean lur mugikorra dago, eta, entzuna dudanez, Moyuak esan zuen hondeamakinak ez zituela han sartuko; pareta handiak egin behar ziren... Orduan, Aldundiak erabaki zuen behetik egitea bidegorria".

Bide batez, duela 500 urte San Francisco de Borja Magdalenako ermita inguru hartan ibili zen garaiko iturria ere berreskuratu dute bidea egokitzeko obren barruan. Bide berria egokituta, Oñatiko industrialde denek dute dagoeneko oinez edo bizikletaz iristeko sarbide propioa.