ULMAk inoizko parte-hartzerik handiena izan du KORRIKAn
Bizia eta parte-hartze handikoa izan da benetan aurtengo 20. KORRIKA ULMAn.
ULMAko Motibazio Taldeak antolatutako kanpainari erantzun ona emanez, guztira 550 bat langilek eman dute diru-ekarpena kilometroak erosteko, eta 2.745 euro bildu dira guztira Korrikaren alde. Bildutako dirua kilometroak erosteko eta KORRIKAko materiala erosteko erabili da. Materiala (kamisetak, jantziak, poltsak eta abar) ekarpena egin duten langileen artean zozketatu da.
Hasiera Otxandion
Aurtengoa berezia izan da ULMArentzat, Korrika Otxandion hasi delako. ULMA Fundazioak bere babesa eskaini dio euskararen aldeko Korrikari, hasierako kartelan egon eta Otxandioko hasierako 5. Kilometroa erosiz, non ULMA Conveyor eta ULMA Handling-eko ordezkariek eraman zuten eskutan mezu ezkutua. Ondoren, 15. Kilometroan, ULMA Goiaingo langileek partekatu zuten euskararen lekukoa eramateko ohorea. Legazpin, berriz, ULMA Packagingeko langileek izan zuten tropelean aitzindari izateko ardura. Oñatin, berezia izan zen 2298. kilometroa, ULMA Fundazioaren izenean Joseba Zabaletaren seme-alabek eraman baitzuten lekukoa, eta Josebari animoak ematen izan ziren ULMA Fundazioa eta Packagingeko Josebaren lankide asko eta asko.
Azkenik, 2299. kilometroa bitan zatitu zen, eta eskuz esku ibili zen lekukoa, negozioz negozio: ULMA Embedded, Architectural, Orga Jasotzaileak, Eraikuntza, Forja eta Packagingeko ordezkariek parte hartu zuten, San Prudentziorainoko korrikaldian. Asko gozatu zuten guztiek.
Mezu ezkutua
Hurrengo egunean iritsi zen Iruñera Korrika, eta bertan ireki eta irakurri zen eskuz esku ibili den mezua. Joseba Sarrionandiaren hitzak ziren: "Euskara, beste hizkuntzak bezala, altxor unibertsal bat da, denona delako, agortzen ez delako eta dohainekoa delako".
Korrika Kulturala, Ataunen: Barandiaran museoa eta sagardotegia
ULMAko Motibazio Taldeak Ataunerako irteera antolatu zuen Korrika Kulturaleko ekintza modura. Autobusez joan ziren Ataunera, eta bertan Joxemiel Barandiaran museoan bisita gidatua egin zuten bertaratu ziren 40 bat langilek. Joxemiel Barandiaran antropologoa, etnografoa eta apaiza izan zen. Euskal Herrian eta nazioartean ospetsua izan zen, hain zuzen ere euskal kultura biltzen, aztertzen eta ahanzturatik salbatzen egin zuen lan handia dela medio. Urte askoan gogo nekaezinaz eta zientziaren metodoak erabiliz egindako ikerketa lan haien ondorioz, elkarte askotako kide izendatu zuten, eta honoris causa doktore ere izendatu zuten.
Jakintzaren egarriak asetu ondoren, Urbitarte sagardotegian ase zituzten gose-egarriak, eta umore onean eta kantu giroan bueltatu ziren etxera, arratsalde ederra pasatu izanaren sentipenarekin.
Aurtengo Korrika berezia izan da ULMAn. Bi urte barru izango da hurrengoa, 2019an.