ULMA Fundazioak bere Elkartasun Azokaren indarraldia luzatzea erabaki du. — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMA Fundazioak bere Elkartasun Azokaren indarraldia luzatzea erabaki du.

ULMA Fundazioak Honduraseko biztanleria marjinalaren alde abian jarritako premiazko produktuen bilketaren epea otsailaren 20ra arte luzatu egin du.
ULMA Fundazioak bere Elkartasun Azokaren indarraldia luzatzea erabaki du.
2015/01/23

ULMA Taldeak bere Fundazioaren bidez Elkartasun Azokaren laugarren edizioa jarri zuen martxan pasa den azaroan, ACOES-ekin lankidetzan. Edizio horretan produktuen bilketa abenduan bukatzen zen. Baina, Honduraserako edukiontzia martxora arte ez denez aterako, ULMA Fundazioak kanpaina honen indarraldia luzatzea erabaki du. Hori dela eta, produktuen bilketa otsailaren 20ra arte egingo da.

Helburua Premiazko Produktuak Biltzea da eta ACOESek Hirugarren munduko eta bereziki Honduraseko umeentzat eta oro har biztanleentzat bideratzen duen laguntza humanitarioko proiektuetan laguntzea.

Laugarren edizio honetan, ACOES-ek "Elikagai ez galkorrak (pasta, arroza, olioa, kontserbak, etb.) eta higiene produktuak (konpresak, etb.)” eskatzen ditu. Horiek denak premiazko produktuak dira eta Honduraseko biztanleria marjinalak dituen oinarrizko beharrak nolakoak diren ulertarazten dute. Gainera, ACOES-ek azpimarratzen du beste mota batzuetako gauzak ere (eskolako materiala, arropa, jostailuak) lagungarriak izango direla.

Ekimen honetan parte hartu nahi duten ULMA Taldeko bazkide eta langileek euren produktuak poltsetan edo kaxetan eraman ditzakete ULMA Taldeko Zerbitzu Zentraletara, Oñati Garagaltza Auzoa 51ra.

Ordutegia hau da: astelehenetik ostiralera 8:30 -13:00 eta 14:00- 17:30. Bilketarako kanpaina otsailaren 20an bukatuko da. Ekimen honetan parte hartzen duten ULMAko bazkide eta langileek koadro baten zozketan parte hartuko dute (Izena eman behar da produktuak uzterakoan).

Zer da ACOES eta zein dira bere helburuak?

ACOES Gobernuz Kanpoko garapenerako erakundea da, irabazi asmorik gabekoa eta lanerako prest dauden eta denontzat mundu justuago bat nahi duten boluntarioz osatutakoa.
Bere helburua irabazi asmorik GABE Hirugarren munduko eta bereziki Honduraseko umeentzako eta oro har biztanle guztientzako laguntza humanitarioko proiektuak gauzatzea da, bideratzen diren proiektuetan laguntza jasotzen duten herritarren hezkuntza maila handitu dadila sustatzea, gure inguruneko biztanleria marjinalaren beharrak asetzea eta gure gizartea sentsibilizatzea gure munduan errealitate ezberdinak daudela ikusaraziz.