ULMA Taldea LANBAI azokan ikasleekin urtero daukan hitzorduan izan zen — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMA Taldea LANBAI azokan ikasleekin urtero daukan hitzorduan izan zen

Atzo arratsaldean ospatu zen MONDRAGON Unibertsitateak, LANBIDEren eta Arrasateko Udalaren laguntzarekin antolatutako LANBAI III Enplegu eta Formazio Azoka, non bigarren urtez enpresa eta erakundeei zuzendutako eremuan hartu zuen parte ULMA Taldeak.
ULMA Taldea LANBAI azokan ikasleekin urtero daukan hitzorduan izan zen
2015/06/12

Enpresa eta unibertsitate arloen artean zubiak eraikitzeko ekimenarekin bat egin zuen ULMA Taldeak sektore ezberdinetako beste 34 erakunderekin batera, graduatuei lan munduan sartzea errazteko.

Arrasateko Garaia berrikuntza Gunean MONDRAGON Goi Eskola Politeknikoak duen egoitzan egin zen Lanbai III enplegu azoka. Azoka hau ikasketak enpresetan praktikak eginez osatu nahi dituztenei edota edozein unibertsitatetan edo lanbide eskolatan ikasketak burutu ondoren lan bila dabiltzanei dago zuzendua.

ULMA Taldearen erakustokira eta lan elkarrizketak egiteko eremura hurbildu ziren ikasleekin egon ziren ULMA Taldeko Giza Baliabideetako ordezkariak. Ikasle gehienak elektronika, diseinu, robotika edo automozioko ingeniaritzakoak, enpresen administraziokoak eta lanbide heziketakoak ziren.

Guztira 144 curriculum bildu zituzten LANBAI azokaren 3.edizio honetan, eta horiek ULMA Taldeko lan poltsan sartuko dira, ULMA Taldea osatzen duten 8 Negozioetan sor daitezkeen beharrei erantzuna emateko balioko dutelakoan.

Epe laburrean, ULMA Taldeko webgunean “Lan egin ULMAn” atalean aplikazio bat jarriko da abian eta aplikazio horretan datuak sartzeko gonbidapena jasoko dute atzoko egunean zehar elkarrizketa izatera edo curriculuma ematera hurbildutakoek. Atal honen helburua da Negozio desberdinetako Giza Baliabideetako sailen eta ULMA Taldean parte hartzeko interesa duten pertsonen arteko harremana erraztea.