ULMA Taldea lankidetza estuan ari da unibertsitate eta lanbide heziketako ikastetxeekin
Enpresa munduaren eta hezkuntzaren munduaren artean etengabe elkarlanean aritzeak eta bi mundu horiek elkartzeko guneak sortzeak ezagutzen trukaketa aberasgarria eta enplegu aukera berriak sortzea dakartzate, emaitza gisa.
Komunikazio bidirekzional horrek, batetik, ULMA Taldeko bazkide eta langileek ezagutza berriak eskuratu eta beraien ezagutzak eguneratzea dakar, eta horrekin merkatuko aldaketei eta eskakizunei egoki erantzun diezaiekete. Horren adibidea dugu, duela gutxi MONDRAGON Goi Eskola Politeknikoarekin eta Bergarako Miguel Altuna Institutuarekinelkarlanean abian jarritako ekimena, zeinaren bitartez Goi Mailako Formazio Zikloetara sartzea bultzatzen baita, ULMA Taldeko kooperatibek eskatzen duten kualifikazio profesionala eskuratzeko.
Bestalde, harreman horrek erraztu egiten du ikasleak lan munduan sartzea, praktika profesionalen programen edo lan kontratazioen bitartez. Zentzu horretan, ULMA Taldeak hainbat azoka unibertsitariotan parte hartu du, non ikasleek enpresa erakusketarien premia zehatzak bertatik bertara ezagutzeko aukera duten.
Azken azoka Deustuko Unibertsitatean egindakoa izan da, eta bertan 75 bat curriculum jaso, lekuan bertan hautaketa elkarrizketak egin eta 150 ikasle ingururen bisitak jaso ziren ULMAko erakusmahaian, ULMA Handling Systems eta ULMA Taldeko giza baliabideetako arduradunen eskutik.
Datozen hilabetetan, ULMA Taldeak gure inguruko unibertsitateekin elkarlanean jarraituko du, antolatzen diren enplegu foroetan presente egoteko asmoarekin, eta, horrez gain, hitzaldi eta aurkezpenetan parte hartuko du, esaterako gaur maiatzaren 6an Arrasaten, MONDRAGON Goi Eskola Politeknikoan, egingo denean.
Ekimen horiek garatu eta sustatuta, ULMA Taldeak ikasleen jarrera ekintzailea bultzatu nahi du, bai eta etorkizuneko profesional prestatuak hartu ere, ULMAn praktikak eginez beraien prestakuntza profesionala osatu dezaten; izan ere, aurreikusten du Europan profil kualifikatuen premia handia egongo dela eta, beraz, profil horien eskaera ere handituko dela, bereziki arlo teknikoetan, esaterako ingeniaritza elektronikoan edo informatikoan edo mekanizazioko goi mailako zikloetan, eta gazteen enpleguaren bitartez ekonomia suspertzen lagundu nahi du.