ULMA Handling Systemsek logistika sistema bat diseinatu du Brasilgo STAM enpresarako — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Handling Systems

ULMA Handling Systemsek logistika sistema bat diseinatu du Brasilgo STAM enpresarako

Stam metalurgia enpresak giltzak, sarrailak eta giltzarrapoak fabrikatzen ditu, eta ULMA Handling Systemsen esku utzi du biltegiratzeko eta eskaerak prestatzeko guneen automatizazioa, Rio de Janeiroko Nova Friburgon dagoen plantan (Brasil). Sistema automatizatu berri horri esker, brasildar enpresak hilean 3.6 milioi unitate atera nahi ditu herrialde osora. Kontuan izan behar da gaur egun 2.5 milioi ateratzen dituela.
ULMA Handling Systemsek logistika sistema bat diseinatu du Brasilgo STAM enpresarako
2012/07/01

Sistema berriaren helburuak hauek dira: stockaren kontrolean eta zehaztasunean hobera egitea, produktuen trazabilitatearen gestioan hobetzea eta eraginkortasun logistikoa handitzea.

Biltegiratze sistema automatizatua Miniload batek gestionatuko du eta stockeko 5.000 artikulutik gora bilduko du. Biltegi berriaren bidez, eskariak prestatzeko espazioa minimizatu egingo da, izan ere, gaur egungo espazioak 1.140 m2 hartzen du, baina hortik 280m2 hartzera pasatuko da.

Miniload sistemarekin batera, eskariak prestatzeko sistema bat instalatuko da, non jarduteko bi modu hauek izango diren: batetik, gizakia-produktua filosofia bidezkoa, pick to light sistemak gestionatzen duena, non display sistemak adierazten duen zenbat item prestatu behar diren eskari bakoitzean; bestetik, produktua-gizakia filosofia bidezkoa edo put to light, non display sistemak adieraziko dion langileari zein kutxatan jarri behar diren artikuluak. Eskariak prestatzeko gestio berri horri esker, Stamek nabarmen murriztu ahal izango du errore kopurua; eta gainera, prozesua eraginkorragoa eta bizkorragoa bihurtuko da.

Behin proiektua garatuta, Stamek %25 handituko du bere biltegiratze gaitasuna, hori guztia biltegiaren tamaina handitu beharrik gabe, eta % 30 laburtuko du eskariak prestatzeko prozesuan orain arte ematen zuen denbora. Gainera, kalkuluen arabera, Stamek % 10 txikituko du erroreen indizea eskariak prestatzeko prozesuan.

Brasilen ULMA Handling Systemseko arduradun komertziala den Gustavo Cristofarok adierazi duenez, gaur egun eskariak biltegiratu eta prestatzeko sistema automatikoetan inbertitzeko joera handia dago Brasilen; sistema horietan bat, Miniload sistema da. “Joera horren arrazoiak, nagusiki, hauek dira: eskariak prestatzeko lanetan jarduteko eskulan espezializatua bilatzean enpresek dituzten zailtasunak, eta espazio berriak eskuratu eta bertan obra zibilak gauzatzeak duen kostu handia –biltegi konbentzionalak eta bertikaltasun txikikoak egiteko–".

Gestio logistiko osoa ULMA Handling Systemsen biltegiak kontrolatzeko softwareak (WMS) zainduko du, Stam metalurgiaren kontrol sistema (ERP) duen interfaze baten bidez.