ULMA Handling Systems-ek intsektu-proteina ekoizteko lehenengo instalazio automatizatua garatu du — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Handling Systems

ULMA Handling Systems-ek intsektu-proteina ekoizteko lehenengo instalazio automatizatua garatu du

ULMA Handling Systems-ek Amiens Metropole-n (Frantzia) haztegi bertikal bat eraikitzen lagundu dio Ynsect enpresari, intsektuen hazkuntzaren sektoreko munduko liderrari. ULMA-k garatutako automatizazio-sistemei esker, YNSECT-ek Tenebrio molitor kakalardoak eskala industrialean hazteko aukera du, animalien elikadurarako eta ongarrietarako premium osagai gisa erabili ahal izateko.
ULMA Handling Systems-ek intsektu-proteina ekoizteko lehenengo instalazio automatizatua garatu du
2021/01/14

Egiteko hori Europako FARMYNG proiektuaren parte da.  Farmyng proiektuaren helburu nagusia gama altuko intsektu-proteina ekoizteko lehen unitate industrial guztiz automatizatua sortzea da. Europako Batzordeak eta Bio-based Industries Joint Undertaking sozietateak 20 milioi eurorekin finantzatutako proiektu honek Tenebrio molitor kakalardoa industrializatzeko asmoa du.

Horretarako, ULMA-k bi produkzio-alor garatu ditu, intsektuak behar bezala ugaltzeko eta ahalik eta ondoen hazteko bereziki diseinatutako zortzi garabi pilatzaile dituztenak. Halaber, instalazioan garraiagailuak, jasogailuak, pilagailuak, iraulgailuak eta erretiluak automatikoki garbitzeko eta lehortzeko tunelak daude, baita produktibitatearen eta intsektuen hazkundearen jarraipena egiteko eredu prediktiboak garatzeko aukera ematen duten datu-sentsoreak ere.

Proiektuaren berezitasun nagusia da intsektuak ekoizteko prozesuaren sinkronizazio harmonikoa bermatu behar dela, une oro intsektu bakoitzaren bizi-zikloa errespetatuz.

Amiens-eko instalazioaren ateak 2022an irekiko dira, eta munduko lehenengo 4.0 haztegi bertikaletako bat izango da; guztiz automatizatua, energia eta tokia aurrezteko hazkuntza bertikaleko teknikekin.

Proiektuak Frantziaren iparraldean inpaktu ekonomiko eta sozial handia izateaz gain (500 lanpostu sortuko dira, zuzenekoak eta zeharkakoak), ingurumenean ere eragina izango du. Haztegi bertikal hau, munduko handiena izateaz gain, karbono aztarna negatiboa edukiko duen lehenengoa izango da, isurtzen duena baino CO2 gehiago saihesten eta harrapatzen baitu.