ULMA Constructionek BIKAIN euskararen kalitatearen ziurtagiriaren goi mailako zilarra eskuratu du.
Asteazkenean, beste 34 erakundetako ordezkariekin batera, Bilboko Euskalduna Jauregian izan ziren Raul Garcia ULMA Constructioneko lehendakaria eta Euskara Batzordeko kideak BIKAIN ziurtagiria jasotzen, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordearen eskutik.
Bigarren aldia da BIKAIN ebaluatzaileen kluba osatzen duten kanpoko aditu kualifikatuek ULMA Constructioneko Oñatiko guneetan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketaren ebaluaketa egin dutena. BIKAIN sistemaren arabera, 1.000 puntu lor daitezke gehienez eta ULMAk aurten lortutako emaitzak (700-749 puntu) %70eko jauzi positiboa suposatu du 2014an lortutako emaitzarekin alderatuta.
Ebaluazio prozesua euskararen sustapenaren aldeko dinamikaren indarguneak sendotzeko, zer hobetuak identifikatzeko eta etengabeko hobekuntza sustatzeko aukera eta laguntza izan da ULMArentzat. Erakundearen irudia, bezeroekiko harremanak, barne-komunikazioa, pertsonen kudeaketa, kanpo-harremanak eta kudeaketa-sistema izan ziren, besteak beste, aztertutako eremuak.
Ebaluatzaileen ustez, hauek izan dira ULMA Constructionek dituen hiru indargunerik garrantzitsuenak: Alde batetik, ULMA Construction osatzen duten langileen gehiengoa (%96) euskara ulertzeko gai da, asko euskal hiztunak dira eta euskara da lan-hizkuntza naturala haietako askoren artean. Horrez gain, euskararen arloan azken urteetan pertsonen kudeaketan eta barne-komunikazioan ULMAk egindako ahalegin ikaragarria ere azpimarratu nahi izan dute ebaluatzaileek.
Bestalde, ULMAren organo gorenek euskararekiko duten konpromisoa eztabaidaezina dela ere adierazi dute. Lehendakariaren, zuzendarien, zein organo sozialen inplikazioa eta eragina ezinbestekoak izan direla gaur egun ULMA Construction iritsi den lekura iristeko. Neurri handi batean haiek izan dira bultzatzaile beraien portaera eredugarriaren bitartez, inor derrigortu gabe eta era lagunkoian, foro guztietan euskararen presentzia eta erabilera sustatu dutenak.
Bukatzeko, ULMAn hizkuntza-helburuak enpresaren kudeaketaren oinarrian txertatu izana zoriontzekoa dela azpimarratu dute ebaluatzaileek. Honekin batera, orain dela bi urte ULMAn martxan jarri zen eta aurten bukatuko den EUSLAN egitasmoaren inguruan Eusko Jaurlaritzatik jasotako balorazioa ere oso positiboa izan dela azaldu dute.