ULMA are sendoago, 2025ean %7,6 hazi ondoren — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMA are sendoago, 2025ean %7,6 hazi ondoren

Joan den ostiralean ULMA Taldeak Batzar Nagusia egin zuen, eta, bertan, proiektuaren bilakaera positiboa berretsi zen, urtea markatu duten krisi geopolitikoak gorabehera; izan ere, ekitaldia 1.239 milioi euro inguruko diru sarrerekin itxi dugu, gure historian izan dugun sarrera bolumen handienarekin.
ULMA are sendoago, 2025ean %7,6 hazi ondoren
2026/06/17

Nazioarteko testuingurua zorrotza izan da, merkatuen aldakortasunak, muga zergen inpaktuak eta tentsio geopolitikoek baldintzatuta egon baita, eta, testuinguru horretan, ULMA Taldeak dibertsifikazioan eta nazioartekotzean oinarritutako proiektu baten indarra erakutsi du berriro ere.

Bilakaera positibo hori enpresak eduki dituen sarreren bolumen historikoan ikusten da, 1.238,9 milioi euroko salmenta konpilatuak izan baititu, hau da, aurreko urtean baino %7,6 gehiago. Industria sektorean kostuen eta marjinen gainean dagoen presioa gorabehera, Taldearen EBITDA 211,2 milioi eurokoa izan da, eta irabazi garbia 94,8 milioi eurokoa. Kanpoko negozioak jardueraren motor handia izaten jarraitu dute, fakturazio globalaren %69a , Europa merkatu nagusia izanda.

Joan den ekitaldian, 124,5 milioi euro inbertitu ziren gure ahalmen industriala indartzeko eta negozioen eraginkortasuna hobetzeko. Lan arloan, enpleguaren aldeko apustu irmoa egiten jarraitu dugu, eta guztira 336 pertsona sartu dira lanean, plantilla orokorreko profesional kopurua 6.083ra handituta.

2026ari begira, ULMAk hazkunde hau sendotzeko eta errentagarritasuna pixkanaka berreskuratzeko asmoarekin helduko dio etorkizunari. Lehentasun estrategikoak, funtsean, beren erreferentziazko merkatuetan jarduera indartzea, asmo handiko inbertsio politikari eustea eta enplegua sortzen jarraitzea izango dira nagusiki.