Rio de Janeiroko Nazioarteko Aireportuak ULMAko ekipaje sistema izango du
2016an hiriburu kariokan Olinpiadak izango dira eta bidaiari eskaera handia espero da. Eskaera horri erantzuteko aireportua berritzeko anbizio handiko plana dute eta horren baitan kokatzen da proiektua.
ULMAk instalatuko duen sistemak 62 fakturazio mahai, maila askotako ikuskapenak egiteko bi zirkuitu berri eta abiadura handiko sailkatze linea bat izango ditu, ekipajeak helmugaren arabera sistemak dituen 8 eratze karruseletako batera garraiatuko dituena.
Horrez gain, ULMAk ekipajeak sailkatzeko esleipena kudeatuko duen SAC sistema eta instalazio guztia monitorizatzeko SCADA sistema garatuko ditu.
Proiektu honekin Rio de Janeiroko nazioarteko aireportuak orduko 3.000 ekipaje gehiago kudeatzeko gaitasun logistikoa izango du. Proiektua 2016ko apirilerako amaituta egongo da.
Zalantzarik gabe, proiektua mugarri garrantzitsua da ULMA Handling Systemsentzat segmentu altuko aireportuen merkatuan sartzeko aukera eskaintzen baitu.