Korrika edo oinez, baina eman pausoa: munduak behar gaitu! — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Korrika edo oinez, baina eman pausoa: munduak behar gaitu!

Urriaren 19an, Urkuluko urtegiaren ingurune naturalean ospatuko da Mundukide Lasterketa Solidarioaren (MLS) 10. edizioa, kooperatiben eta herritarren arteko topagune bihurtu den hitzordu berezia.
Korrika edo oinez, baina eman pausoa: munduak behar gaitu!
2025/09/09

Urriaren 10era arte eman dezakezu izena. Izen-ematearen prezioa 10 €-koa da, eta ULMAko langileek parte hartuz gero, ULMAk bere gain hartuko du kostua.

Bidali ordainketaren frogagiria helbide honetara: ulmafundazioa@ulma.com, eta dagokion zenbatekoa itzuliko dizugu.

Informazio gehiago eta izen ematea, hemen.

Gainera, ULMAren kirol-kamiseta tekniko berria jasoko duzu. Adierazi zure neurria mezuan eta ez ahaztu lasterketa egunean eramatea!

Azken hamar urte hauetan, MLSk erakutsi du korrika egitea edo oinez ibiltzea jarduera fisiko bat baino gehiago izan daitekeela: gizatiarragoa den mundu baten aldeko urratsa da. Egindako kilometro bakoitzak Afrikan eta Latinoamerikan garapen-programak babesten ditu, milaka pertsonaren bizitza hobetzen duten ekimenak bultzatuz.

ULMAk hartzen du MLSren antolaketa-lanaren lekukoa

2024ko urrian ospatutako aurreko edizioan, ULMAk konpromisoa hartu zuen hurrengo bi urteetan MLSren antolaketa-lanetan buru izateko. Ibon Calvo ULMA Taldeko presidenteak jaso zuen lekukoa, Oskar Arroyo Fagor Elektronikako presidentearen eskutik, azken urteetan ardura hori izan duen kooperatibaren ordezkari gisa.

Etapa berri honetan, ULMArekin batera arituko dira Ikerlan, Athlon eta Mundukide, ekimenaren sare-lana eta kooperatibismoaren espiritua indartuz.
MLSn parte hartzeak honako hau esan nahi du:

  • Eragin erreala duten lankidetza-proiektu zehatzak babestea.
  • Egoera ahuletan lan egiten duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzen laguntzea.
  • Etorkizun bidezkoago eta iraunkorrago bat eraikitzeko ahalegin kolektiboak batzea.