Iritsi da ULMA – Challengea, emakumezkoen txirrindularitza lasterketa
Emakumezkoen txirrindularitza-proba honek erlojupeko bat eta lineako proba bat izango ditu, eta bi diziplinetako erregularrenak irabazlearen txapela eskuratuko du.
Oñatiko Aloña Mendi K.E. kirol elkarteak eta Bergarako Lokatza Z.E. txirrindularitza eskolak antolatuta, ULMAren babesarekin, challengea puntuagarria izango da EMAKUMEZKOEN EUSKALDUN TXAPELKETArako. Guztira, junior eta kadete mailetako 120 txirrindularik hartuko dute irteera.
ULMA Challengea 11: 00etan hasiko da banakako erlojupeko batekin Bergaran. Bergaratik aterako dira eta helmuga San Martzial auzoan izango dute.
Arratsaldeko lineako probak Oñatin izango du irteera eta helmuga. Kadete maila 15: 15ean irtengo da eta 32 kilometroko ibilbidea egin beharko du. Lasterkari juniorrek 16: 30ean hartuko dute irteera 42 kilometroko ibilbidea egiteko. Bi kategorietan ULMAren egoitza nagusitik irtengo dira eta hortik Bergararantz abiatuko dira, ondoren Oñatira itzultzeko Enpresagintza Fakultatearen ondoan dagoen helmugara.
ULMA Taldeko Zerbitzu Zentraletetako audiotorian egindako prentsaurrekoan parte hartu dute ULMAko lehendakariorde Oier Araiztegik, Oñatiko alkate Izaro Elorzak, Bergarako alkate Gorka Artolak, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente Santi Osorok eta txirrindulari ohi eta emakumezkoen kirol teknikari Ainhoa Ostolazak.
Oier Araiztegi ULMAko lehendakariordearen hitzetan beraien "aletxoa” jarri nahi dute emakumezkoen oinarrizko txirrindularitza sustatzeko. "Gure nahia lasterketa hau gure inguruak ezagutzeko eta txirrindulari hauek gai direla erakusteko erakusleiho paregabea bihurtzea da. Emakumezkoen txirrindularitzari merezi duen lekua ematekoa ", azpimarratu du Oier Araiztegi lehendakariordeak.