Arrakastatsua "Bidegorriak Euskararentzat" egitasmoaren amaiera — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Arrakastatsua "Bidegorriak Euskararentzat" egitasmoaren amaiera

Arrakastatsua izan da irailaren 23ko "Bidegorriak euskararentzat" ekintzaren amaierako antolatu ziren ekintza guztiak
Arrakastatsua "Bidegorriak Euskararentzat" egitasmoaren amaiera
2016/09/28

Arrakastatsua izan da irailaren 23ko Bidegorriak euskararentzat ekintza, bere osotasunean, eta pozik eta ilusioz agertu dira ULMAko antolatzaileak auzolanean egindako lanarekin. Baita Oñatiko herriak eman duen erantzunarekin ere.

150 lagun inguruk hizkuntza txikien aldeko jarrera etikoa eta ekologikoa aldarrikatuz 5 kilometroko ibilbidea egin zuten bizikleta gainean, bidegorrian zehar, eta 9 gunetan geldialdia egin zuen tropelak: geldialdi bakoitzean globo bat ziztatzen zuten, eta globoak barruan zekarren galdera irakurtzen zioten ULMAko kooperatiba bakoitzeko presidenteari, eta presidente bakoitzak erantzun egiten zion galderari. Hizkuntza gutxitu batek orekan bizitzeko behar dituen baldintzak azaldu zituzten denen artean.

Eguerditik nabari zen festa giroa Oñatiko plazan. Plazako arkuetatik zintzilik aurreko hilabeteetan ULMAko negozio desberdinetan lankideek eta organoek idatzitako ia 300 adierazpen eta konpromisoak irakur zitezkeen euskararen muraletan. Arratsaldean, herritarrek ere izan zuten muraletan beraien konpromisoa idazteko aukera, Amaia Txintxurretak plaza girotzen zuen bitartean.

Horrez gain, Oñatiko 3 ikastetxeetako LH6ko umeek egindako marrazki dotoreak ere ikusgai egon ziren eszenatokiaren bueltan. Izan ere, ikastetxe bakoitzean ordubeteko hitzaldiak egin dira aurreko astean, ‘ULMA GARA, EUSKARA GARA’ lemapean: bertan, lehendakari batek, jubilatu batek eta Motibazio Taldeko kide batek azaldu diete gaztetxoei nola sortu zen ULMA, zer lan eta zer produktu egiten dituzten ULMAko negozioetan, eta lanean euskaraz gero eta gehiago egiteko zer egiten duen ULMAk euskara planaren baitan. Horrekin, 40 marrazki inguru egin dituzte umeek, taldeka.

Festari amaiera emateko eta ULMAren 55. urteurrena ospatzeko, Oñatiko Ganbara abesbatzak, Oinatz dantza taldeak eta KALAKAN musika taldeak kontzertu bikaina eskaini zuten San Migel elizan, bertaratu ziren ia 600 lagunen gozamenerako. Ospakizunari bukaera biribila eman zitzaion horrela.