ULMAk ere KORRIKAn parte hartu du
ULMAn ere lankideon ahalmena biderkatu da auzolanean. Martxoan zehar lankideek 5 euroko ekarpena eginez ULMAren izenean kilometroak erosteko deialdia egin zen eta guztira 2.370 euro batu ziren. Diru horrekin 3 kilometro erosi ziren Lazkaon eta Oñatin.
Martxoaren 23 goizaldean pasa zen Korrika Lazkaotik eta bertan Lazkao Forgingeko Jon Aldasorok eraman zuen. Oñatitik, berriz, goizeko lehen orduetan pasa zen eta testigua ULMA Handling Systemseko Bittor Munarriz eta Unai Bautistak eta Raul Garcia ULMA Taldeko lehendakariak eraman zuten.
Urepelen hasi eta 10 egunez Euskal Herrian zehar 2.501 kilometro egin eta gero, 19. Korrika pasa den martxoaren 29an, igandea, amaitu zen Bilbon. Aurrerantzean ere auzolanean jarraitu beharko dugu Euskal Herria euskahalduntzen. Amaiera ekitaldian Lorea Agirrek idatzi eta irakurritako mezuak dioen bezala, euskararena guztion auzia baita:
- Euskararena ez da kontu pertsonal bat: txokokoa, partikularra, etxekoa.
- Euskararena ez da norbanakoaren kontua, nirea, zurea, beste harena.
- Euskararena hiztunon auzia da, herritar guztion auzia da.
- Euskararen auzia publikoa da, kolektiboa da.
- Euskararena herrigintzaren auzia da.
Kilometroak erosteko ULMAko langileek egindako ekarpenak eskertzeko, Korrikako hainbat kamiseta zozketatu dira eta soberan geratutako dirua zuzenean Korrikari laguntzeko izan da.