Bai Euskarari saria jaso dugu — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Bai Euskarari saria jaso dugu

ULMAk Bai Euskarari saria jaso du euskarak lan munduan espazio zabalagoa har dezan egindako lanagatik. Sariak Ekainaren 20an Donostiako Victoria Eugenian egindako ekitaldian eman dira.
Bai Euskarari saria jaso dugu
2024/06/26

Han izan dira Ibon Calvo ULMA Taldeko Lehendakaria eta Aitzol Guridi ULMA Lifting Solutions Pertsonen kudeaketako arduraduna;

Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua eta sari hauen bidez arlo horretan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi ditu.

Zentzu horretan, ULMAk egindako lana aitortu eta beraien esker ona agertu nahi izan dute. Are gehiago, aintzat hartu dute ULMAren konpromisoa euskara erabiltzeko enpresa-kudeaketan.

Ibon Calvo ULMAko lehendakariak azaldu duenez albistea jaso zutenean, “benetan pozgarria” izan zen eta “harrotasun puntua” sentitu zutela gaineratu du: “Ez da egunero jasotzen horrelako errekonozimendurik, eta horrek gure lana eta ahaleginak balioesten direla erakusten du”.

Egindako lanaren aitorpena

ULMAk 2006tik du Bai Euskarari Ziurtagiria. Ziurtagiri honek ikusgarritasuna ematen du, eta ULMA Taldera datozen bezeroen, hornitzaileen eta bisitarien aurrean argi erakusten du ULMAn euskaraz egiten dela.

Horrez gain, ULMA osoan modu koordinatu batean bultzatzen da euskararen erabilera eta presentzia, kooperatiba bakoitzaren berezitasunak eta beharrak kontuan hartuta. Besteak beste, Euskara Planak eta Politikak definituz.

“Oñatiko kultura eta izateko era euskararekin bat doaz. ULMA eta Oñati banandu ezin diren moduan, ezin dira ULMA, Oñati eta euskara banandu”, gehitu du Calvok.

Irakurri hemen Ibon Calvori Bai Euskarari elkarteak egindako elkarrizketa osoa.