ULMA Taldeko langile eta bazkideek Aburuza sagardotegia bisitatu dute eta bertso-afaria egin dute bertan
Hasteko, sagardoa egiteko prozesua ezagutu zuten, bisita gidatua eginez. Ondoren, hiru eratako sagardoak dastatu zituzten, eta bertso-afaria izan zuten gero, Miren Amuriza eta Iñigo Manzisidor Mantxi bertsolariekin. Giro bikaina sortu zen sagardotegian, txotx eta bertso artean. Ondo pasatzeaz gain, negozio ezberdinetako langileek elkar ezagutzeko ere balio izan zuen.
Ekintza hori ULMAko Motibazio Taldeak antolatu zuen, ULMA Taldeko euskara planaren barruko ekintza modura, eta langileen artean euskara eta euskal kultura sustatzea zen azken helburua. Joan zirenek ondo frogatu ahal izan zuten ondorengo 4 elementuak oso ondo uztartzen direla sagardotegietan: kultura, gastronomia, euskara eta harremanak.
Konturatu orduko, autobusa hartzeko ordua etorri zitzaien, eta urtero egin beharreko ekintza dela esanez bueltatu ziren etxera.