ULMA, Markaren Balioa — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMA, Markaren Balioa

Negozio guztiek egindako esfortzuari esker eraiki eta sendotu da ULMA marka, konpromisoz, leialtasunez eta etorkizun ikuspegiz lan egin ondoren.
ULMA, Markaren Balioa
2016/12/15

2014ko uztailaren 8an, Brasil eta Alemaniako selekzioek Munduko Futbol Txapelketako finalerdietako partida jokatu zuten elkarren aurka. Partidarako agertokia Gobernador Magalhães Pinto estadioa izan zen, Brasilgo Belo Horizonte hirian. Mundu guztia dago begira. Dozenaka mila pertsona instalazioen barruan, eta hainbat milioi beren etxeetan. Alabaina, ikusle gehienek ez dakite ikusteko puntuan dauden ikuskizun hori ULMAren laguntzaz eta kolaborazioaz erabat birmoldatu den barruti batean izango dela.

ULMA, gaur egun, jarduera sektore desberdinetan espezializatuta dauden 8 Negoziok osatzen duten enpresa talde bat da. ULMA kapaz da munduko txapelketetarako estadioak eraikitzeko, kapaz da nazioarteko aireportuetako ekipajeak kudeatzeko soluzioak emateko, eta kapaz da emateko, besteak beste, biltegiratzeko logistika, komunikazio azpiegiturak, drainatze sistemak eta fatxada aireztatuak, berotegiak, orga jasotzaileak, ontziratze eta enbalatze ekipamendu eta sistemak, energiaren sektorerako bridak eta fitting-ak, etab.

ULMA marka barne indargarria izan da identitatearentzat,jatorri bateko kide izatearen sentipenarentzat eta balio komun batzuen garapenarentzat

 

Baina honaino iristeko, gaur egun daukagun marka hau ondo ezaguna izatera iristeko, ezinbestekoa izan da baterako bide bat egitea, historia bat partekatzea, 80ko hamarkadara atzera jotzen duen –orduantxe batu ziren ENARA, ULMA eta OINAKAR kooperatibak– eta eskuzabaltasunez nahiz berrikuntzarako bokazioz beterik dagoen historia bat.

Hasierako batasun horri OÑALAN Taldea izena jarri zitzaion eta geroxeago egungo ULMA marka/logoa sortu zen; horrek ekarri zuen, 1990ean, Identitate eta Irudi Korporatiboaren Proiektua. Aipatzekoa da hastapen hartan bertan ageri dela kooperatiben arteko elkartasunaren lehen erakusgarria; ULMAren alde egin zen Taldearen izen korporatibo gisa eta markaren izen gisa.

Une hartan, 1990ean alegia, Identitate eta Irudi Korporatiboaren Proiektua jarri zen martxan. Proiektuaren funtsa, berez, hau besterik ez zen: ULMA marka beste kooperatibetan inplementatzea eta kooperatiben izen komertzialak batzea, kooperatiba horiek negozio izatera pasatzeko. “Inplementazio prozesua luzatu egin zen denboran orduko kooperatiba desberdinen unean uneko egoeraren arabera”, ziurtatu du Carlos Sarabiak, zeina Taldearen Marka eta Komunikazio Arloko arduradun ez ezik koordinatzaile ere izan baitzen Identitate eta Irudi Korporatiboaren Proiektua inplementatu zeneko urte haietan.

ULMA markaren “eraikuntzaren” hasierak bat egiten du 1993an MCCn –gaur egun Mondragon Korporazioa– ez sartzeko hartutako erabakiarekin. “Erabaki hark inpaktu handia izan zuen ULMAren identitate eta irudi korporatiboak –eskualdeko talde gisa– gerora izan zuen indartzean”, ziurtatu du Carlos Sarabiak. “Bultzada garrantzitsua izan zen ULMArentzat. Balio batzuk, baterako bisio bat eta negozioen autonomia zehaztu ziren, baina Talde bakarraren kontzeptuari lotuta betiere”, gogoratzen du Sarabiak.

ULMAko Negozio batzuek 90eko hamarraldian hasitako internazionalizazio prozesuak eta mundu guztiko aktoreekin lehian sartu beharrak berebiziko garrantzia izan zuten marka identitatearen eraikuntza sendotzeko. “Negozio batzuek atzerrira irteten dute eta konturatzen gara markaren aldeko apustua egin behar dugula, ezagutu gaitzaten eta ospea lor dezagun”.

90eko hamarkadaren erdialdera, Taldea oparotasun aldi batean sartu zen, eta oso hazkunde handia izan zuen. Aldi hori baliagarria izan zen gure pertsonak proiektu komun baten inguruan kohesionatzeko. Markaren eraikuntzak barne kolektiboa norabide bakar batean lerrokatzeko balio izan zuen. Konpromisoz, leialtasunez eta etorkizunerako ikuspegiz lan egin zen. Marka batzeko prozesu osoa mesedegarria izan da negozio guztientzat.

Iritzi berekoa da ULMA Constructioneko Ander Ollo: “ULMA marka barne indargarria izan da identitatearentzat, jatorri bateko kide izatearen sentipenarentzat eta balio komunen garapenarentzat”.

Anderren ustez, markaren goardasolpean lan egitea, gainera, jarduera komertziala dinamizatzen duen elementu bat da: “Negozio bakoitzean ere indartu egiten gaitu, oso tamaina handia duen Talde bateko kidetasuna ere adierazten duelako”.

Baina helburuak konkistatzeko tresna izateaz gain, ULMA marka, zalantza barik, bere ingurune hurbilenean erroturik dagoen balio bat da, bere sustraietara ondo lotua eta komunitatean aintzat hartua. “Oñatikoa izatea plus bat izan da prozesuan, jendeak islatuta ikusi duelako bere burua. ULMAk 55 urtetik gora darama Oñatin eta identifikazio bat egon da komunitatearekin”.

Marka bakarraren inplementazio prozesua luzatu egin zen denboran, kooperatiba desberdinen unean uneko egoeraren arabera

 

Marka, elementu egituratzailea ez ezik, aktibo ekonomiko bat ere bada. “Aktibo inportantea da, denon artean, etorkizun ikuspegiari esker, lortu duguna. Negozio guztiek norabide bakar bat hartu eta, horri esker, batasuna behin betikoa izan da”, ziurtatu du Carlos Sarabiak.

 

Begirada bat etorkizunera

Etorkizuneko erronkei behar bezala aurre egingo bazaie, birdimentsionatu egin beharko da marka, komunikazio digitalaren eskakizunetara doitzeko eta ULMAren bokazio soziala transmititzeko. Hori guztia, negozioen mesedetan eta Negozioen indargarri.

Hala ere, denborak eboluzionatuz doaz. Egunero ikusten dugun zerbait da: informazioaren teknologien sarpenarekin aldatzen ari dira enpresa inguruneak. Komunikazioan ere bistan dago iraultza digitala aldatzen ari dela pertsonen arteko harremanak. Aldaketa testuinguru honetan, funtsezkoa da etorkizunera begira jartzea.

“ULMA marka gogoeta prozesu baten beharrean dago, bai erabili behar dituen kanaletan, bai mahai gainean jarri behar dituen balioetan, Negozioen premiekin bat etorriko den posizioa eta ospea lortu nahi baditu behintzat. Ordua da planteatzeko zer nahi dugun gure marka izatea, eta zertarako”, zehaztu du Carlos Sarabiak. Bere iritziz, ezinbestekoa izango da bide horri ekitea ULMAk behar duen errekonozimendu eta ospe maila izatera iritsiko bagara.

“Desberdintze estrategia orok eskatzen du, nahitaez, marka lantzea. Babes dezagun gure marka, eta izan gaitezen proaktiboak. Gure marka, izatez, arrakasta kasu bat da. Hor kanpoan mundua oso agudo dabil mugitzen eta gu ezin gara geldi egon”. Ander Ollok ere funtsezkoa deritzo biharko egunerako prestatzeari: “Sektore desberdinetan lan egiten dugu, baina marka komun bat dugu, balio batzuekin lotu dugun marka komun bat. Gaur egun dugun erronka handia marka hori Taldeko negozio guztietan modu koherentean garatzea da”.

Markari bi erronka berri datozkio: batetik, marka digitalizatzea, garai desberdinetara egokituz joateko, eta, bestetik, bere balio soziala sendotzea. “Bi ardatz horiek dira giltzarri”, baieztatu du Carlos Sarabiak. “Arlo soziala eta arlo digitala. Gure geneak sozialak dira, gure oinarriak sozialak dira. Guk ez dugu erantzukizun sozialaz berba egin beharrik, arlo sozialean arduratsua den Talde bat osatzen dugulako. Oraintxe bertan, gure marka proiektua dimentsionatzea dugu erronka. Konplikatua da, baina, aldi berean, oso ilusionagarria. Ibiltzeko dugun bidea zoragarria izango da”, gehitu du Carlos Sarabiak.

“Etorkizunera begiratu behar dugu, eta ULMA izeneko proiektu komun honetako pertsona guztiok gogoz eta grinaz beteko gaituzten erabaki egokiak hartu”, esan dute Carlosek eta Anderrek bukatzeko.