ULMAko pertsonak koronabirus garaian — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMAko pertsonak koronabirus garaian

Martxoaren 14an, gobernuak alarma-egoera ezarri zuen COVID-19 koronabirusaren hedapenari aurre egiteko, herritarren osasunaren babesa, gaixotasunari eustea eta osasun publikoaren sistema indartzea bermatzeko.
ULMAko pertsonak koronabirus garaian
2020/05/14

ULMAn hasiera-hasieratik batzorde bat eratu zen egoeraren jarraipena egiteko eta egoera ezezagun horri aurre egiteko beharrezkoa den prebentzio-jarduera koordinatzeko.

Dagoeneko bi hilabete igaro dira neurri horiek jakinarazi zirenetik, eta ULMAn dauden pertsona guztiak segurtasun eta osasun gomendioei jarraiki aritu gara lanean, eta une bereziak bizi izan ditugu, une latzak, kezka eta ezinegon profesional zein pertsonalekin.

Hala azaldu digute ULMAko pertsonek.

-----------------


“Profesionalki garai nahasia eta zalantzazkoa izaten ari da, eta kostatzen ari zait egokitzea. Uste dut hau guztia geratzeko etorri dela, eta teknologikoki ahalegin handiak egin behar ditugula garai berrietara eta teknologia berrietara egokitzeko. Teknologiaren arloko sailetan, gure negozioei zerbitzurik onena ematearen alde egin behar dugu lan, gure prozesu guztiei teknologia eta segurtasuna eskainiz.

Eraldaketa digitalak gure kulturaren parte izan behar du. Uste dut erronka handia dugula enpresa osoa eraldatu behar horretan, arin moldatu behar baitugu teknologia berriak egokitzeko lanean.

Pertsonalki erronka da familia bizitza eta garapen profesionala kudeatzea, bi alderdiak zaindu beharreko elementuak direla uste baitut. Nire seme-alabak heztea eta aldi berean telelana egitea aurretik inoiz zehaztu gabeko zereginak dira, eta, egia esan, erronka handia.

Iruditzen zait gisa honetako prozesuak guk nahiko genukeen baino maizago izango ditugula, eta, beraz, uste dut ingurunera azkar egokitu beharreko garaiak etorriko zaizkigula. Profesionalki, uste dut erronka garrantzitsu eta handinahiak dauzkagula zain, eta, egia esan, teknologiaren arloko pertsona orok atsegin du erronka horiei aurre egitea.

Pertsonalki, berriz, gure kooperatibek kezkatzen naute, eta ea gai garen egoera honetatik nahiko erraz ateratzeko. Elkarri laguntzeko garaia dela uste dut, eta orain dagokigu kooperatibista izateari onena ateratzea.

Familiaren esparruari dagokionez, espero dut ULMAk programa eta politika handinahiagoak garatu ahal izatea familia bizitza eta lana bateragarri egiteko, eta une jakin batzuetan telelana egin ahal izatea; hori lagungarria izango litzateke familiaren garapen egoki baterako.

Animoak ematea besterik ez zait geratzen. Espero dut distantzia luzeko lasterketa honetatik guztiok indarberrituta ateratzea”.

MIKEL KEREJETA
ULMA Taldea

-----------------

“....izan be, ohiturak aldatu izan behar ditugu, egunerokotasuna berriz antolatu eta azken finean, ba, rutina berriak sortu.

Eta egoera honetan bete beharreko limitaziño eta arauak asko diren arren, ba gauza onak be badagoz,...."

AITOR LAKA
ULMA Advanced Forged Solutions

-----------------


Gaur-gaurkoz ondo daramat egoera. Hasieran, egia esan, nahiko une gogorrak izan genituen. Suposatzen dut jende guztia egongo zela berdin, ez baikenekien ziur zer zetorkigun. Dena zen ziurgabetasuna, galderak eta beldurra.

Nire kasu pertsonalean, egoera larriagotu egin zen, sintomak izaten hasi nintzelako eta bakartuta egon behar izan nuelako, eta, ondoren, berrogeialdian. Une hartan egoera prekarioa zen, eta ez zuten inolako testik egiten. Hilabetera lanean hasi nintzen, eta enpresan test azkar bat egin zidaten. Covid-19 birusa pasata neukala ikusi zuten. Zorionez, dena ondo atera da, eta ondo nago.

Gustatuko litzaidake enpresako erizainari eta medikuari eskerrak ematea, eskaini didaten arretagatik. Egoera latz hartan, une oro egon baitziren nirekin harremanetan, izaten nuen bilakaera aztertzen.

Oraintxe, maila pertsonalean, ez dut inolako kezkarik, baina gustatuko litzaidake nire inguruan egon diren pertsona horiei guztiei testak egitea. Bestalde, profesionalki, espero dut honek guztiak eraginik ez izatea enpresan”.

IÑAKI BELLIDO
ULMA Agrícola

-----------------


“Oraingo  koronabirusaren egoera lasaitazun eta arduraz eramaten dugu. Familiaren egoera hasieran hobea izan zen. Oraingoan etxeko  jendia laguna eta familiarekin egoteko irrikitan gaude.

Baina orokorrean gure inguruko jendia,osasunez nahiko ondo.

Laneko egoera urduritasuna eta alarma puntuarekin gaude.ez dakigu ze ekarriko digu epe motxian.

ULMA taldearen barruan negozio batzuk nahiko ondo dabiltz baina beste batzuk kostauko zaigu lehengo modura egotea.

Espero egoera hau denori solidario ta indartzuago egitea.

Animo eta aupa denoi!”.

XABI AXPE
ULMA Architetural Solutions

-----------------


“Egia esan, nahiko ongi, egoera zeinen zentzugabea den kontuan hartuta. Gaur egungo egoerak ziurgabetasun eta kezka handia sortzen du, bi aldetatik gainera: batetik, osasunari dagokionez, birus honek izan ditzakeen ondorio dramatikoengatik, eta, bestetik, atzetik etorriko den ondorio ekonomikoagatik, oraindik zenbateraino eragingo digun ez dakigun arren.

Hasierako nahasmen fasea igaro ondoren, astez aste egokitzen ari gara, eta dagoeneko ohitura batzuk hartu ditugu, guztia askoz hobeto eraman ahal izateko.

Dena beharko dugu lehengo normaltasunera itzultzeko bidean aurrera egiteko, eta ziur nago berriro hartara itzuliko garela, gizarte mailan gutxienez aldaketa askorik izan gabe”.

ANDER OLLO
ULMA Construction

-----------------


“Nire kasuan, ia alarma egoera izendatu zenetik aritu gara lanean, bai ni, bai nire emaztea. Koronabirusaren kontu honetan, orain arte, senide eta lagunekin egoterik ez izateak izan du nigan eraginik handiena. Etxean egotea gogorra da, ezin da irten… baina, tira, balkoiko bizilagunak hobeto ezagutzeko aukera daukagu.

Kezka profesionalei dagokienez, iaz arte, urte gogorrak eta oso gogorrak izan genituen. Iaz gora egin genuen, eta uste genuen aurten ere aurrera egingo genuela. Eta ez zaigu, bada, hau etorri! Negozio guztiei bezala, kolpe handia eman digu eta kolokan jarri gaitu. Etorkizun hurbila ziurgabetasun handiz ikusten dugu orain.

Kezka pertsonalei dagokienez, bi seme-alaba ditut, horietako bat 17 urtekoa, eta selektibitatea dauka egiteko. Konfinamendua baino lehenagotik etxetik ari da ikasten, eta ez dakigu nolakoa izango den selektibitatea. Eta, bestalde, familia eta lagunengana ezin hurbiltzea ere gogorra da, nahiz eta pozik nagoen, hurbileko inork ez duelako koronabirusa harrapatu”.

IGOR BARREDO
ULMA Coveyor Components

-----------------


“Egia esan, harrituta nago familiak, batez ere nire seme-alabek, oso ondo eraman dutelako, baina ez dakit zer gertatuko zatekeen wifirik ez bagenu...

Hasieran, opor moduko batzuk zirela uste zuten, baina berehala aldatu zuten iritziz, ezin izan genuelako ohiko Aste Santuaz gozatu.

Etxe askotan bezala, armairuak antolatu ditugu, hormak margotu, irakasle lanak egin, baina batez ere, legamia guztia amaitu dugu (ditxosozko bizkotxoak).

Orain, “kanpoaldeaz” gozatzeko baimenduta ditugun uneei etekina ateratzen diegun bitartean, beste urrats batzuen zain gaude.

Lan arloan, egia esan, kezkatuta nago honek izango duen bilakaeraz. Nire emaztea ERTEn dago, eta haren enpresa normaltasunera itzultzeko aurreikuspenak ez dira oso onak. Zorionez, gerrikoa estutu behar badugu ere, guk talde handi bateko kide izateko zortea dugu. Alabaina, ezin da ukatu badagoela nolabaiteko egonezin bat”.

IGOR ARTIGUEZ
ULMA Handling Systems

-----------------


“Egia esan sekulako aldaketa izan da. Egun batetik bestera egunerokotasuna guztiz aldatu zaigu. Hasieran okerrago. Ez genekien noiz arte izango zen, ez jakintasun gehiago zegoen, informazio aldakor larregi, hildako asko,…komunikabideetan ez zegoen besterik. Gure lantegia ez da momentu baten ere itxi, eta horrek ere lagundu dit egunak azkarrago pasatzen eta errutina mantentzen. Orain hobeto, pixkanaka gauza hobetuz doazelako eta pixkanaka etxetik zerbait gehiago atera gaitezkeelako. Faltan botatzen da gure lehengo “bizitza”, baina osasunez ni eta ingurukoak ondo gaude, eta hori da garrantzitsuena. Orain benetan baloratzen dira lehen egin genitzaken gauza txikiak. Familia eta lagunekin gertu egon ez ahal izatea da gehien faltan botatzen dudana.

Badirudi oraingoz enpresan lan karga mantenduko dela, beraz oso pozik, pribilegiatuak gara sentzu horretan. Oraingoz gure sektorea mantentzen ari da, eta ia etorkizenan guzti honek nola eragiten digun… Lana egitea umeak etxean daudela ez da erraza, baina lanean dugun malgutasunarekin txandaka lan egiten dugu eta momentuz moldatzen gara. Une hauetan inoiz baino gehiago konturatzen gara aiton-amonek orain arte umeen zaintzan zuten garrantzia”.

LIDE ARANBURU
ULMA Packaging

-----------------


“Ohiz kanpoko alarma egoera honetan, nire kezka nagusia ingurukoen osasuna da.

Nire familiaren, ingurunearen eta lankideen osasunak kezkatzen nau.

Etxetik lan egiteak erosoa dirudi hasiera batean, ez baituzu denborarik galtzen joan-etorrietan, baina indargabe sentitzen zara bezeroak ezin dituzulako bisitatu.

Telefonoa jo eta jo ari da, eta lankideekin zein bezeroekin hitz egiten dut, baina kontaktu bisuala falta zait, eta orain, inoiz baino gehiago baloratzen dut kontaktu hori. Deiak ere ez dira egiten salmenta gehiago lortzeko edo lehiakideak zer egiten ari diren jakiteko; aitzitik, dei “gizatiarragoak” dira, bestea nola dagoen ikusteko, eta, horregatik, adore ematen saiatzen naiz, batez ere.

Etxetik denbora gehiago daukagu albisteak entzuteko, baina neurrian ikusten saiatzen naiz. Ez dut nahi kutsatutakoen edo hildakoen zifra zorabiagarriekin erotu; gehiago begiratzen diot herrialdearen alde ekonomikoari.

Industria merkatuaren egoerak kezkatzen nau, horixe baita gure negozioari dagokiona. Geldialdia handia izan da sektore askotan, baina elikadura eta banaketa sektoreetan ez da hala izan; beraz, une honetan gurdiari tira egiten dioten sektore horiei heldu nahi diegu. Gero, gugan eragina duten gainerako sektoreak ere pixkanaka suspertzen joatea espero dut, lana galdu duten eta lehenbailehen berreskuratu beharko luketen pertsonengan ere pentsatzen baitut.

Ez dut ilusioa galdu. Familia, etxea eta parekoak beste ezer baino gehiago hartzen ditut aintzat, eta espero dut kolpe honek guztiok indartsuago egingo gaituela aurre egiteko ditugun erronketan”.

JOSÉ ANTONIO AUGUSTO
ULMA Manutentzio Zerbitzuak