• Ulma Handling Systems

ULMA Handling Systemsek jarduteko gida bat jarri du langileen esku atzerriko irteeretarako

2014/12/16
ULMA Handling Systemsek negozioaren nazioartekotze prozesuari lotutako zabalkunde gida bat diseinatu du, izan ere, Europa, Amerika eta Afrika kontinenteetako, gero eta herrialde gehiotan dago presente eta helburua bikoitza da: alde batetik, lan gaiengatik atzerrira joaten den orori oinarrizko informazioa ematea, eta bestetik, bidaiatzeko orduan kontuan hartu beharreko gomendioak ematea.

Gida sortzeko diziplina askotako talde bat eratu da, Giza Baliabideek gidatuta, eta bertan arlo desberdinetako pertsonek parte hartu dute: LAP, Bidaien kudeaketa, Sistemak eta Giza Baliabideak, eta horiek Finantzen eta Osasuna Zaintzeko Zerbitzuaren laguntza izan dute.

Gidaren lehen helburua (nazioartekotzeari lotutako gomendio orokorren gida) bidaiarientzat oinarrizko informazioa zentralizatzea eta gogoraraztea da, hala nola bidairako laguntza, beharreko legezko dokumentazioa, ordaintzeko moduak, osasun laguntza, prebentzio neurriak (segurtasuna eta osasuna) eta komunikazio telematikorako gomendioak. Gida horretan bidaiarientzako jardunbideak eta jarraibideak laburbiltzen dira aipatutako gaiei dagokienez.

Gomendio orokorren gida horrekin batera fitxa bereziak diseinatuko dira presentzia dugun herrialde bakoitzerako (bai produkzioaren arloan bai arlo komertzialean), helmugako herrialdean beharrezko tramiteei eta lehentasunezko kontaktuari buruzko informazio zehatzagoa eduki ahal izateko.