• Ulma Handling Systems

ULMA Handling Systems osasungintzan aurrera doa

2014/01/13
Osasun arlora bideratutako logistika garrantzia hartzen joan da azken urteetan ULMA Handling Systemsen. Egun, osasungintzara zuzendutako ingeniaritza eta teknologia berriak merkatu nitxo garrantzitsua dira. Osasungintzaren egungo erronka ospitaleetako biltegiratze eta materialen kudeaketarako sistema eraginkorrak eskaintzea da, segurtasuna eta produktuaren trazabilitatea garrantzi handiko parametroak izanik.

Testuinguru honetan, aipatzekoa da ULMA Handling Systems-ek Santiago de Txilen irekitako filial berria. Nagusiki osasungintzako logistikara bideratutako proiektuak diseinatu eta garatuko ditu filial honek. Bertan osasungintzan ibilbide oparoa duten profesionalek lan egingo dute eta zentralaren babesa izango dute sektorera bideratutako proiektuak zuzendu eta garatzeko.

Gainera, sektorean ULMA Handling Systems-en presentzia hobetzeko, osasungintzan eskaintzen dituen produktu eta zerbitzu guztien berri ematen duen Ospitaleko Logistikaren katalogo berria diseinatu du. Eta laster, GLOBOPE aholkularitza eta ikerketa enpresarekin elkarlanean osatutako “Logística de Hospitales: retos y nuevas tendencias” liburua argitaratuko dute.

Egun, lankidetza hitzarmenak ditu ULMA Handling Systems-ek Oppent eta Pharmathek enpresekin, Brasil, Txile, Mexiko, Kolonbia eta Peruko merkatuetarako pneumatiko/AGV sistemak eta hornigailu robotizatuak eskaintzen dizkiete hurrenez hurren.

Merkatu nazionalari dagokionean, azaroaren 27an Jesus Maria Matillak eskainitako LOGISTICA FARMACEUTICA hitzaldian parte hartu zuen ULMAk. Hitzaldian erakunde farmazeutiko eta ospitaleetako logistika egoki kudeatzeko oinarrizko ildoak azaldu ziren.

Aipatzekoa da baita ere Kolonbiako Imbanako Zentro Medikurako proiektu bat garatuko dutela, ULMAren ospitaleetako logistikako jardueran lehen erreferentzia handia. Proiektu logistikoak ULMAko 2 karrusel horizontal eta bertikal bat izango ditu. Hauez gain, armairu-hornigailu automatikoak, Pick to Light dispositiboak eta IK Health softwarea izango ditu.