ULMA Taldearen Marka eta Komunikazio Esparru Korporatiboa
ULMA Taldearen Marka eta Komunikazio Arloa 1993an sortu zen, ULMA Marka berria orduko kooperatiba eta negozio guztietan batzeak berekin ekarri zuen Identitate eta Irudi Korporatiboaren Proiektua Taldean inplementatu behar zela eta. Aldi beran, ULMA akronimoa oinarri hartuta, negozioen izen komertzialak ere bateratzen hasi ziren. Garai hartan, hots, 90eko hamarkadaren erdialdean, abiatu zen gure Markaren erregulazioa, zeina, Taldearen bilakaerak eta ibilbideak izan dituen eraldaketa guztiekin, Identitate Korporatiboaren Eskuliburuan gauzatu den. Garai hartan sortu ziren, halaber, lehen euskarri eta eduki korporatiboak, marka irudia indartzeaz gainera, gure negozioak zegozkien merkatuetan behar bezala kokatzen lagundu zutenak.
ULMA Taldearen Marka eta Komunikazio Arloa elementu hauek osatzen dute: Komunikazio Batzordeak, non negozio guztietako ordezkariek diharduten, eta Taldearen Marka eta Komunikazio Arduradunak, Batzordearen koordinatzaile diharduenak.
KOMUNIKAZIO BATZORDEA / MARKA ETA KOMUNIKAZIO ARLOA
Komunikazio Batzordeari dagokionez, honako hauek lantzen dira: ULMA markari dagokion erabakitze eremua; markaren erregulazioa, Ikusizko Identitate Korporatiboaren Eskuliburuaren bidez; eta markaren babesa, Jabetza Industrialaren erregistroan fondo ukiezina administratuz. Gaur egun, ULMA Markaren jabe den ULMA Taldea S.Coop.ek 60 herrialde baino gehiagotan dauka erregistraturik bere marka.
Komunikabideen nolako komunikazioa-profila erabili eta eduki digital berrien diseinua, datorren urtean landuko ditugun gauzetako bi.
Komunikazio Batzordean, gure baterako jardunaren irudia indartuko duten barne komunikazioko ekintzen eta mekanismoen koordinazioa lantzen da. Maila operatiboan, honako tresna hauek ditugu: Begira korporazioaren aldizkaria eta bere on line bertsioa; eta korporazioaren Intraneta, Portalde. Era berean, Euskara Batzordeari lagundu egiten zaio Lekaixo eskuorria argitaratzen. Gainera, gure bazkide eta langileei zuzendutako marketin sozialeko ekintzak koordinatzen dira, kohesioa eta kide izatearen harrotasuna handitzeko. Ekimen horietako batzuk bazkideen eta langileen seme-alabei zuzendutako pintura lehiaketan, korporazioaren egutegia egiteko baliatzen den argazki lehiaketan, kirol ekitaldiez gozatzeko antolatutako bidaietan eta abarretan gauzatzen dira.
Kanpo irudi eta komunikazioari dagokionez, Taldearen mezu eta eduki korporatibo guztiak diseinatu, abian jarri eta gauzatzeko zereginak koordinatzen dira. Gaur egun ULMA Taldeak dituen euskarrien artean, aipatzekoak dira aurkezpen korporatiboak, katalogo eta esku orri korporatiboak, bideo korporatiboa, korporazioaren eta ULMA Fundazioaren weba eta ULMA50 gunea. Gaur egun, 2014ko ekitaldira begira, Batzordean eduki eta mezu korporatiboen esparru berri bat zehazteko lanetan ari dira, bizi dugun garaiarekin bat etorriko diren esanahiak eskaintzeko asmoz. Kanpo komunikazioan, gainera, komunikabideei zuzendutako ekintzen koordinazioa Marka eta Komunikazio Arloaren ardurapean jartzen den zeregina da.
ULMA Fundazioak lantzen dituen ekimen eta jarduerak ere Taldearen Marka eta Komunikazio Arloak koordinatzen ditu, eta Komunikazio Batzordearen proposamenak izaten dira, ULMA Fundazioaren patronatuak berretsitakoak. Azken urteotan, askotariko jarduerak egin dira hainbat publikori zuzenduta: ULMAko erretiratuei, ULMAko bazkide eta langileei eta beren familiei, ingurukoei...
Komunikazio Batzordean Marketin Digitaleko praktikak ere koordinatzen dira. Alde batetik, arloak erregulatu egiten ditu praktika horiek eta, bestetik, negozioei aholkularitzari eta ezagutzari loturiko zerbitzu bat eskaintzen zaie. Gaur egun, bai Taldeak bai Fundazioak presentzia digitala daukate sare sozialetan eta, oraintsu, ULMA Taldearen Estilo Liburu Digitala zehaztu eta onartu da, eta Mondragon Taldeak jardunbide egokitzat jo du.
CARLOS SARABIA . ULMA Taldearen Marka eta Komunikazio Arloko arduraduna eta Komunikazio Batzordeko koordinatzailea .
“2014ko ekitaldiari begira, eta organoek onartutako hirurteko planaren barruan, Komunikazio Batzordean hainbat lan ardatz garrantzitsu ditugu esku artean. Izan ere, 2014a urte bizia izango da gure erantzukizun arloan. Hona hemen gure egitekoak, besteak beste: datorren urtean zehar ikustea espero ditugun eduki eta mezu korporatibo berrien diseinua, definizioa eta gauzapena; komunikabideei begira, gure komunikazio profilaren gaineko analisia egitea ere mahai gainean dugu; ULMA Fundazioaren funtzionamenduari eta jarduerei buruzko proposamena; estrategia digitala, eduki digital berrien diseinua barne; eta Barne Komunikazio Plana. Finean, korporazioaren ikusizko irudiak eta irudi grafikoak izango duten aldaketaren eraginez, gure negozio guztien lana indartu eta erraztea espero dugu".