ULMA Taldeak lankidetzan dihardu Vicente Ferrer Fundazioarekin etxebizitza berriak eraikitzeko — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMA Taldeak lankidetzan dihardu Vicente Ferrer Fundazioarekin etxebizitza berriak eraikitzeko

2004. urteaz geroztik, ULMA Taldea Vicente Ferrer Fundazioarekin konprometituta dauden enpresen sareko kidea da. GKE ezagun honen helburua Indiako hegoaldean dagoen Andhra Pradesheko komunitate behartsuenen bizi baldintzak hobetzea da.
ULMA Taldeak lankidetzan dihardu Vicente Ferrer Fundazioarekin etxebizitza berriak eraikitzeko
2014/12/09

Estatu horretan ez dago gatazka puntual larririk, bertan dagoena da muturreko gabezia etengabea, eta aldizkako esku hartzeak ez dira gauza gizartearen egituran bertan sakon sustraituta dauden arazo endemikoei aurre egiteko.

Vicente Ferrerren filosofia eta jardueraren oinarrian programa integralak sortzea dago, heziketa, osasuna, emakumea, ezintasuna duten pertsonen arreta, ekologia eta etxebizitza bezalako alderdi giltzarriak zainduz eta landuz biztanleen bizi baldintzak hobetzen direlako, eta komunitate sendo eta autonomo moduan finkatzen direlako.

Heziketa, osasuna, emakumea, ezintasuna duten pertsonen arreta, ekologia eta etxebizitza bezalako alderdi giltzarriak zainduz eta landuz biztanleen bizi baldintzak hobetzen dira, eta komunitate sendo eta autonomo moduan finkatzen dira.

Aurten ULMA Taldeak Anantapurren dagoen Ipperu herrian 41 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duen proiektuan parte hartu du, Andrha Pradesheko barrutietako batean. Etxebizitza horiek errotik aldatuko dute familien egoera, izan ere, gizartean hain baztertuta daudenez, txabola prekarioetan bizi behar dute, goiko kastetatik bereizita dauden kolonietan elkartuta eta putzuak, letrinak, osasun etxeak edo eskolak bezalako oinarrizko zerbitzuetatik urrun.

Vicente Ferrer Fundazioak eraikitako kolonietan osasungarritasunerako gutxieneko baldintzak daude, eta babes eraginkorra dira uholdeak eragiten dituzten euriteetatik, animalia arriskutsuetatik eta bero zakarretik gordetzeko, baina, batez ere, duintasun sentimendua ematen diote diskriminazio gordina jasaten duen komunitateari.

Vicente Ferrer Elkarteak Nazioarteko Garapenerako etsenplu eredugarria sortu du, hein handi batean fundatzaileak garapena ulertzeko zuen moduarengatik.  Vicente Ferrerrek ezagutza handia metatu zuen onuradunen ohiturei eta sinesmenei buruz, eta funtsezkotzat jo zuen programak diseinatzeko eta praktikan jartzeko haiek ere aktiboki parte hartzea.

Horrenbestez, Ipperuko komunitateak bere jabetzakoak izango diren 41 etxebizitzen eraikuntzan aktiboki parte hartzearen helburua da erantzukizunaren sentimendua sustatzea, autoestimua handitzea eta komunitate bateko partaide izatearen sentimendua areagotzea.

Erantzukizun sentimendu horren isla da, esaterako, familiak inplikatu egiten direla eta modu naturalean hainbat jarrera eta konpromiso hartzen dituztela, hala nola seme-alabak eskolara eramatea, osasun zerbitzuetara joatea, edo Fundazioak haien gaitasunak garatzeko antolatzen dituen ikaskuntza tailerretara joatea; finean, beren bizi kalitatea hobetzen dute eta gizarte integraziorako bidea leuntzen dute.