“Gure jarduerak berrantolatzeko plan batean murgilduta gaude” — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Architectural Solutions

“Gure jarduerak berrantolatzeko plan batean murgilduta gaude”

Zalantza barik, gure enpresa ereduak bereizgarri esanguratsua ematen digu lehiakideekiko. Ordainsarien doiketan ahalegin partekatua egitea eta eginkizunak aldatzeko prest egotea, biak ere zutabe giltzarriak dira ziklo negatiboari aurre egiteko.
“Gure jarduerak berrantolatzeko plan batean murgilduta gaude”
2012/11/19

Nola ikusten duzue ULMA Architectural Solutions-etik azken urteotako koiuntura ekonomiko-finantzario zaila? 

Dakigunez, hauxe da bosgarren urtea 2008an krisi sakon hau hasi zenetik. Gure merkatu nagusia Espainiakoa izan bada ere, azken urteotan ahaleginak egin ditugu gure produktuak Europan kokatzeko: Frantzia, Italia, Irlanda eta Polonian. Tamalez, Europako Ekonomia Erkidego osoa ari da krisi honen ondorioak pairatzen (bereziki herrialde batzuek), eta horrek zuzenean eragin digu eta gaur egun ere eragiten digu.

Krisian daramagun bost urteotan, oro har ia enpresa guztiei, eta gureari ere bai, eragiten diguten bi ezaugarri aipatuko nituzke: salmenten eta prezioen erorialdi mailaz mailako eta ikaragarri gogorra, eta, ondorioz, kostu eta gastu partida guztiak doitzeko ezinbesteko obligazioa. Esan beharra dago bereziki mingarria izaten ari dela lanpostuen doiketa.

Hala ere, esan behar da, gure enpresari dagokionez, aldi negatibo hau bi zatitan banatu behar dela. 2008, 2009 eta 2010. urteetan etekinak lortu ziren, fakturazioan beherakada izan bazen ere. 2011. urtea izan zen (azken 16 urteotan) galera txikiekin itxi zen lehenengo ekitaldia, eta 2012a okerragoa izaten ari da, zalantza barik.

Zuen Negozioaren ikuspegitik, zein dira ULMA Architectural Solutions-ek kontrako testuinguru horri aurre egiteko dituen indarguneak? 

Egoera latz honi aurre egiten laguntzen ari diren indarguneak hauek dira:

Pertsona talde bikaina. Egoera ulertu eta egoera horretara egokitzeko jarrerarekin, eta ideia berriak identifikatzeko eta duda barik etorriko diren erronka berriei aurre egiteko gaitasunarekin.

Negozio Lerroek osaturiko modelo batekin lan egiteak eta urte askotako kontzientziazioak barne lekualdaketak egiteko malgutasun handia izatea ahalbidetzen dute, baliabideak optimizatze aldera.

Eraikuntzarako soluzio eta sistema aurrefabrikatuen ezagutza eta arlo horretan pilatutako  jakintza. Horri esker, premiei egoki erantzuten dieten eta lehiarako profil ona eskaintzen duten produktu proposamenak egiten ditugu.

Balantze egitura. 15 urtean zehar emaitza positiboei eutsi izanak aukera eman du Balantze sendo bat “eraikitzeko". Horri esker, finantza arloan eutsi egiten diogu oraindik eta ordainketa obligazioak betetzen ditugu, Cash-Flow gutxi sortu arren.

Kooperatiba gara. Zalantza barik, gure enpresa ereduak bereizgarri esanguratsua ematen digu lehiakideekiko. Ordainsarien doiketan ahalegin partekatua egitea eta eginkizunak aldatzeko prest egotea, biak ere zutabe giltzarriak dira ziklo negatiboari aurre egiteko.

Enpresa ikuspegitik, etorkizunera begira zein helmuga ezarri dituzue eta horiek zein negozio estrategiatan oinarrituko dira? 

Estrategia oinarritzen da nazioartean goraka datozen merkatuetan aukera komertzialak eten barik bilatzean eta, nola ez, azken urteotan landu ditugun merkatuak sendotzen jarraitzean.

Ezin bestela izan: lehen erronka fakturazioaren bolumena handitzea da. Hala, bigarren Helmuga beteko genuke, hau da, gure bazkideen enpleguari eustea.

Estrategia oinarritzen da nazioartean goraka datozen merkatuetan aukera komertzialak eten barik bilatzean eta, nola ez, azken urteotan landu ditugun merkatuak sendotzen jarraitzean; hor dago Frantziako filiala, aintzat hartzeko moduko egitura batekin, 7 pertsonarekin.

Aipatutako estrategia aurrera ateratzeko, gure jarduerak berrantolatzeko plan batean murgildu gara. Horren ondorioz, gure Enpresako 12 pertsonaren eginkizunak aldatuko ditugu; honenbestez, pertsona horiek Merkatu Eremuak gestionatzera birbideratuko dute beren lanbidea.

Era berean, oreka finantzarioari eusten ahalegindu behar dugu. Horretarako, inbertsioetan oso zorrotzak izaten jarraituko dugu (laster berreskuratzekoak edo premia handikoak gauzatuko ditugu soilik) eta Aktibo Zirkulatzailea ahalik eta errotazio gutxien izatera behartuko dugu.