“Funtsezkoa da bezeroek gu sektoreko espezialistatzat jotzea” — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Packaging

“Funtsezkoa da bezeroek gu sektoreko espezialistatzat jotzea”

ULMA Packagingek hainbat sektoreri zuzendutako produktu gama zabala dauka eta internazionalizatuta gaude. Iaz, salmenten % 80 nazioartean egin ziren.
“Funtsezkoa da bezeroek gu sektoreko espezialistatzat jotzea”
2013/04/08

Nola ikusten duzue ULMA Packagingetik azken urteotako koiuntura ekonomiko-finantzario zaila?

Guretzat egoera zaila izaten ari da eta, internalizazioan indartsu badihardugu ere, 2012an beherakada handia izan dugu eskarietan. Penintsulako merkatuan ez ezik, guretzat garrantzi handikoak diren beste herrialde batzuetan ere, hala nola Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta Frantzian, beherakada nabarmenak izan dira eskarietan.

Bestalde, zorra itzultzeko konpromisoak eta hartuak dauzkagun bestelako konpromiso batzuk direla tarteko, eta finantzaketa iturriak handitzeko baldintza murriztaileak direla eta, oso gestio finantzario estua egin behar dugu.

Gestio estu hori eta erabakiak premia horrek baldintzatuta hartu beharra, elementu giltzarria izango da datozen urteetan.

Zuen Negozioaren ikuspegitik, zein dira ULMA Packagingek kontrako egoera horri aurre egiteko dituen indarguneak?

ULMA Packagingek hainbat sektoreri zuzendutako produktu gama zabala dauka eta internazionalizatuta gaude. Iaz, salmenten % 80 nazioartean egin ziren.

Eurogunean eta Estatu Batuetan 2012an eskaera murriztu egin bada ere, eta 2013rako susperraldi handirik espero ez badugu ere, hazkunde handiagoko beste herrialde batzuetan egotea, hala nola Europa Ekialdean edo Latinoamerikan, mesedegarria gertatu zaigu salmentetan.

Gama zabala edukitzea lagungarria izan da guretzat eta badira lerro batzuk beste batzuk baino hobeto eutsi diotenak.

Jakina, negozioari berez ez dagozkion aspektuak ez badira ere, esan behar da kooperatiba izatea eta garai latzetarako kooperatibek dauzkaten malgutasun tresnak erabilgarri izatea ere faktore lagungarriak izaten ari direla.

Enpresa ikuspegitik, etorkizunera begira zein helmuga ezarri dituzue eta horiek zein negozio estrategiatan oinarrituko dira?

Bezeroen aukera gogokoena izan nahi dugu helburuko sektore jakin batzuetan; horretarako, funtsezkoa da bezeroek gu sektoreko espezialistatzat jotzea. Beharrezkotzat jotzen dugu berritzaileak izatea eta sektoreetan soluzio oso eta fidagarriak eskaintzea.

Gure helburua maila ertain/altuko bezeroak dira, prezioa motibazio nagusitzat izango ez dutenak, erabakitzeko elementu gisa honako faktore hauek baloratuko dituztenak: berrikuntza, soluzio osoa, kalitatea, zerbitzua eta gertutasuna.