Iraganetik orainera etorkizuna eraikiz — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Iraganetik orainera etorkizuna eraikiz

"Jakitun izan behar dugu jasotako ondare bat kudeatzen ari garela, hurrengoei ondoretzan utzi behar dieguna, ahalik eta baldintzarik onenetan. Mandatu eder hori daukagu, erantzukizun handia ere badena.”
Iraganetik orainera etorkizuna eraikiz
2011/07/01

2011. urte honetan ULMA Taldeak bere 50. urteurrena ospatzen du. Eta gertaera horrek, jakina, ospatzeko arrazoia izateaz gain, lortu denari buruz hausnarketa egiteko aukera ere izan behar du eta, aldi berean, etorkizuneko oinarriak jartzeko, hemendik 50 urtera, guk gaur bezala, ospatzeko gauza asko izango duten pertsonak egongo direla bermatzeko.

Gauzak baloratzeko denboraren perspektiba izan behar dugu, bestela iragandako edozein denbora hobea izan zela pentsatzeko akatsa egin baitezakegu, edo ULMA soilik orain ari garenona dela pentsatzekoa. ULMA guztion lanaren eta ahaleginaren emaitza da, egon diren pertsona guztiena eta gaur egun aktiboki parte hartzen jarraitzeko zortea dugunona. Horrenbestez, jakitun izan behar dugu jasotako ondare bat kudeatzen ari garela, hurrengoei ondoretzan utzi behar dieguna, ahalik eta baldintzarik onenetan. Mandatu eder hori daukagu, erantzukizun handia ere badena.

Jakitun izan behar dugu jasotako ondare bat kudeatzen ari garela, hurrengoei ondoretzan utzi behar dieguna, ahalik eta baldintzarik onenetan. Mandatu eder hori daukagu, erantzukizun handia ere badena.

Denboran egindako bidaia honetan, nola ez, aitzindarietatik hasi behar dugu. Zer pentsatuko lukete ULMAko fundatzaileek egiten ari ziren hura 50 urteren bueltan gaur egun den hau bihurtuko zela? Seguru nago ametsik onenean ere ez zutela imajinatuko. Gizartea eraldatzeko proiektu utopiko batean abiatu ziren, inolako “erreferentziarik” gabe, Arrasaten urte batzuk lehenago hasitakoa izan ezik. Gaur egungoa baino askoz une historiko zailagoa zen, diktadura batekin, sindikaturik gabe, Estatuaren kontrol zorrotzarekin enpresaren jarduera guztietan… Hala eta guztiz ere, “enpresaren” kontzeptua aldatu nahi zutela erabaki zuten, eta lana antolatzeko eta enpresaren ekonomia banatzeko modu berri bat sortu. Gaur egun ere, horixe da ULMAren eta Mugimendu Kooperatiboaren muina.

Inguruneak gauzak asko errazten ez bazituen ere, ordu arte zeuden egitura edo esperientzia kooperatiboek ere ez zuten segurtatzen hasitako abenturak arrakasta izango zuenik. Apenas zegoen gaur egun ezagutzen ditugun Gainegiturazko Organorik (Euskadiko Kutxa eta Lagun Aro eratu berri zeuden), kooperatibaren figura legala existitzen zen, baina ez zuen egiazko aplikaziorik enpresaren munduan. Barne egitura organiko arina garatu behar zen, funtzionatuko zuena, eta dirua irabazi eta merkatuan lehiatzeko aukera emango zuena. Hasieratik argi egon zen inork ez ziela kooperatibei ezer oparituko, eta gogor borrokatu beharko zutela lehiakorrak eta errentagarriak izango baziren, dagoeneko ezarrita zeuden lehiakideek baino zerbitzu eta produktu hobeak eta merkeagoak eskainiz. Negozioak ez badira lehiakorrak eta errentagarriak, akabo proiektua.

Hastapen zail haietan hazkunde handiko faseak eta krisi larriak tartekatu ziren, eta horiei aurre egin behar izan zitzaien, proiektu soziala mantentzearen eta aldi berean etorkizuna segurtatzearen arteko oreka galdu gabe. Erakutsi ziguten une txarrak erabaki ausartak hartuz eta ilusioz lan eginez gainditzen direla, zerbitzurako bokazioarekin, eskuzabaltasunez eta etorkizuneko ikuspegiz. Gure historian aurreko guztiaren adibide ugari dugu, eta adibide horiek erabakiak hartu aurretik geure burua ikusteko ispilua izan behar lukete.

Gaur egungo ULMAra iritsi arteko bidea luzea izan da, eta arrakasta zalantza ezinezkoa da. 600 milioi euro baino gehiago fakturatzen duen Talde bat dugu, mundu osoan diharduten 4.100 pertsona baino gehiagorekin, bere produktuak eta zerbitzuak munduko eskualde guztietan saltzen dira eta gure negozioak erreferentzia dira nazioartean lan egiten duten merkatuetan. Bezeroek, hornitzaileek, lehiakideek, belaunaldi berriek eta, oro har, gizarte osoak baloratzen eta errespetatzen duten TALDEA gara, eta haientzat ULMA proiektu interesgarria eta erakargarria da ibilbide profesionala garatu ahal izateko eta hori guztia aitzindari eta sustatzaileak gidatu zituen espiritu eta filosofia berari eutsiz.

Etorkizuneko proiektua interes partikularren aurretik jarrita.

Horrenbestez, arrazoiak ditugu, ugari gainera, efemeride hau ospatzeko, eta oinarriak dauzkagu datozen 50 urteetara baikor begiratzeko, bai horixe, ULMA errealitate sozioenpresarial sendoa baita, etorkizunerako proiektu goranahia eta erakargarria duena. Gure aurrekoek izan zituzten baino askoz zimendu sendoagoak ditugu.

Lehenago egindakoa, ordea, beharrezkoa izanik ere, ez da etorkizuna segurtatzeko nahikoa, eta norberaren buruarekiko gozamena ere ez da bidaide egokia. Gure erronkak eta arazoak dauzkagu, desberdinak, baina inola ere ez ULMAk 50 urte hauetan izan dituenak baino handiagoak.

Bizitzea egokitu zaigun garaia konplikatua da, baina seguru krisitik indartuta ateratzen garela gure historiak utzi dizkigun ikasgaiak aplikatzen baditugu, konturatzen bagara ez garela enpresa bateko jabeak, administratzaileak baizik, eman zaigun proiektu bat kudeatu eta beste batzuei laga behar diegunak, konturatzen bagara ULMAren ondare ekonomikoa zein ekonomikoa ez dena bizitzan zehar horren alde lan egiten duten guztien emaitza dela eta ez soilik orain gabiltzanona, sinesten badugu guztion arteko elkartasuna eta ez zatiketa dela krisitik azkarrago irteten lagunduko diguna. Finean, etorkizuneko proiektua interes partikularren aurretik jarrita.

Eskerrik asko denoi proiektu zoragarri honetan partaide izateagatik, eta izan dezagun oroitzapen berezia lanean ari ziren bitartean bizia galdu zuten pertsona guztien alde.