2013, argi-ilunez beteriko ekitaldia ULMA Talde osoarentzat.
Oro har, 2013ko ekitaldia argi-ilunez beteriko ekitaldia izan da ULMA Talde osoarentzat; guztira, emaitza positiboen bideari eutsi dio, baina hainbat egoera desorekaturekin, eta ondorioz, beste urte batez, doikuntzak egiten jarraitu behar izan dugu, bai egitura bai ordainsarietan, gure negozioak berregokitzeko eta indartzeko beharrezkoa izan den heinean.
Zorionez, gure negozioetako batzuk merkatua eskaintzen ari den aukerak aprobetxatzeko moduan ari dira, eta lortzen ari diren emaitza onak eta laguntzeko eta solidario izateko prestasuna lagungarriak gertatzen ari dira basamortuko ibilaldi luze honetan, bizitzea egokitu zaigun krisi honegatik ahulduta dauden beste negozio batzuetarako. Taldearen berregituraketa da emaitza txarren ondorioak leuntzen duten tresnetako bat, baina, zalantzarik gabe, gehien baloratzen den elementuetakoa da egoera hobean dauden eta lan karga sortzen duten kooperatibek hainbat lanpostu beste negozio batzuen esku jarri dituztela, langabeziaren arazoa minimizatu ahal izateko, izan hori koiunturala edo estrukturala.
2013ko ekitaldian gure Enplegu mahaia finkatu dugu, ULMA Taldeko kooperatiben enpleguaren egoera hilero monitorizatuz.
Horrenbestez, Taldearen ikuspegitik, 2013ko ekitaldian gure Enpleguaren Mahaia finkatu dugu, ULMA Taldeko kooperatibetako enpleguaren egoera hilero monitorizatuz; bertan, negozioetan birkokapenen inguruan gertatzen diren beharrei irtenbideak eskaintzen saiatzen gara, langabezi egoera berriei (koiunturalak edo estrukturalak) zein dagoeneko existitzen direnei erantzuteko. Zoritxarrez, irtenbide horiek ez dute gure arazoen %100 konpontzea ahalbidetu, batez ere kanpoko sareari dagokionez, baina neurri handi batean arindu egin dute gure egoitza sozialen inguruko esparrua, izan ere, eremu horretan gure estalduraren ahalmena nabarmen handitzen da, gure lantoki gehienak bertan kontzentratzen direlako. Ondorioz, Oñati eta Otxandio inguruan gutxi gorabehera %90eko birkokapen tasa lortu dugu, eta zeuden beharrak eta erabiltzeko lanpostu motak bateragarriak ez ziren kasuetarako Lagun-Aroko kudeaketaren arloko beste kooperatiba batzuetan babestu gara, horiek ere laguntza eskaini baitigute.
Horrez gain, gure Kooperatibak hurbileko ingurunean sortu den egoerari ematen ari zaizkion erantzuna ere nabarmendu beharra dago, ehunka bazkide kooperatibista eta besteren konturako langilek urtearen azken hilabeteetan beren lanpostuak nola desagertu diren ikusi dutelarik. Geure kooperatibak beraiek dauden egoera hori izanik ere, ULMA Taldea gai izaten ari da bere hondar alea emateko eta, gaur egun, ULMA Taldetik kanpo birkokatuta dituen bazkide kopurua bezainbestekoa da berak kanpotik etorrita birkokatuta dituenena. Espero dezagun 2014 egiazki hobekuntzaren urtea izango dela, iragartzen ari diren bezala, eta gure kooperatibak orain behin-behineko izaerarekin ezartzea lortzen ari garen irtenbideak sendotzeko bidea markatzen joan ahal izango direla. Orain arte emandako erantzunak baikorrak izateko modua ematen digu.