ULMAn euskara lan hizkuntza izateko politika orokorrak aurkeztu dituzte ULMAko zortzi kooperatibetako Batzar Nagusietan — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMAn euskara lan hizkuntza izateko politika orokorrak aurkeztu dituzte ULMAko zortzi kooperatibetako Batzar Nagusietan

ULMAko 100 langilek parte hartu duten hausnarketa prozesuan adostu eta zehaztu dira Euskara kudeatzeko politika orokorrak. Helburua argia da: ULMAko Euskal Herriko egoitzetako lan hizkuntza euskara izatea eta hori modu proaktibo, progresibo eta integratzailean egin nahi da.
ULMAn euskara lan hizkuntza izateko politika orokorrak aurkeztu dituzte ULMAko zortzi kooperatibetako Batzar Nagusietan
2018/06/07

2017ko udazkenean hasi eta 2018ko martxoan bukatu den prozesuan, batzorde hauetako kideek  hartu dute parte:  ULMAko kooperatibetako Euskara Batzordeak, ULMA Taldeko Motibazio taldea, ULMA Taldeko  Euskara Batzordea eta ULMA Taldeko Kontseilu Orokorra.

Apirilean, ULMA Taldeko organoetan onartu dira politika orokorrak, eta maiatzean, ULMAko kooperatibetako Batzar Nagusietan aurkeztu dituzte ULMA Taldeko lehendakariak eta zuzendari nagusiak, bideo honen bitartez:

Horretaz gain, ULMAko Euskara Planen logotipo eta lema sortu dira. Bere esanahia hauxe da: “Haritza zuhaitz indartsua da, eta horrela nahi da euskararen presentzia ULMAn izatea: indartsua, sendoa, ondo errotuta. Haritzaren hostoak komikietan erabiltzen diren "bokadiloak" dira, eta bakoitzak negozio baten kolorea dauka. Horretaz gain, "ULMAn har ezazu hitza" esaten dugunean, parte hartzea sustatu eta eskatzen ari gara.”

Bukatzeko, 2018ko udazken aldera, ULMA Taldeko Euskara Planaren 2019-2021eko Plan Estrategikoa zehaztuko da, onartu berri diren politika orokor horiek ardatz hartuta.