ULMAko Euskara Planen VII. Topaketa
Topaketa arratsaldeko 16:30ean hasi zen. Poliki-poliki eta erlojuko orratzak aurrera joan ahala, jendea hurbiltzen joan zen. Topaketari hasiera emateko asmoz, eta auditorioan ekitaldiari sarrera formalagoa eman aurretik, elkar ezagutzeko tartea izan zuten bertaratu zirenek, arratsaldeko ordu horietan horren ongi etortzen diren pastel eta kafez inguratuta.
Kafea goxatzeko asmoz, galdera bitxi xamar batzuen erantzunetan oinarritutako jolas moduko bat ere egin zuten. Topaketara hurbildu ziren pertsonak, negozio ezberdinetako langileak ziren neurrian, ez zuten elkar ezagutzen. Hori dela eta, pertsona bakoitzari sarreran papertxo bat banatu zitzaion. Papertxo horren atzealdean, galdera bat zegoen eta norberak galdera hori ezagutzen ez zuen pertsona bati egin behar zion. Nolabait hasiera bateko hizketaldi bat izateko aitzakia gisa.
Nahikoa pastel eta kafe hartu ondoren, Idoia Torregarai usurbildarraren txanda iritsi zen. Usurbildarrak barrez lehertzen jarri zuen auditorioa, bere umorezko bakarrizketarekin. ULMA eta euskara ederki josi zituen, betiere adarjotze tonua atzean utzi gabe.
Ondoren, taldekako ariketa bat egin zuten. Ariketaren funtsa Euskaraldiaren inguruan hausnartzea izan zen; zehazki, Euskaraldiaren ondoren etorri litekeenaz. Taldekako ariketa bat izan zen, hausaz sortutako taldeek osatua. Batzuek Belarripresten paperean jarri behar izan zuten, besteek Ahobizi gisara jokatu, eta hirugarren batzuek Bihotz-goxo rola hartu zuten. Parte hartzaileek tokatutako rol horietan norbere burua kokatuz, Euskaraldia…eta gero zer? galderari erantzun behar izan zioten. Batetik, Euskaraldian zehar bizitakoaz eta esperientzia honen bidez ikasitakoaz galdetzen zitzaien. Eta bestetik, ikasitako hori nola sendotu litekeen 2019.urtean ULMAren baitan.
Etorkizuna irudikatzeko ariketa hori egin ostean, negozio ezberdinen esperientziak ezagutzeko unea iritsi zen. Negozio bakoitzak euskararekin lotutako kontakizun bat partekatu zuen ikusleekin, hala nola, Euskara Planen nondik norakoak ezagutu genituen; bezeroekin euskarak duen garrantziaz ere jardun genuen edota etorkizunerako erronken inguruan.
Eguna jan-edanen bueltan borobildu zuten Oñatiko Kurtzebaltz elkartean.