ULMA Lazkao Forging-ek euskararen erabilera sustatzeko plana jarri du abian.
Horretarako, Lazkao Forging-eko Euskara Batzordea osatu dute eta egiteko hau aurrera eraman ahal izateko, EMUN Koop.E.ren aholkularitza izango dute. Diseinua egiten den bitartean, Eneko Oyarbidek beteko ditu koordinatzailearen egitekoak. Behin diseinua bukatuta, planaren inplementazioari ekingo diote eta fase honetan Monika Sierra izango da koordinatzailea.
ULMA Lazkao Forging goi-mailako forja espezializatuko fabrikatzaileen liderretako bat da mundu mailan. 1969an sortu zen Lazkaon eta 2010eko abenduaren 3an ULMA Forja kooperatibako enpresa izatera pasa zen, ULMA Taldeko enpresen artean txertatuz. ULMA Forjak 36 langilerekin bereganatu zuen enpresa eta egun 51 langile dira.
Material mota ugari erabiltzen dituzte forjak egiteko eta sektore desberdinetarako egiten dute lan: elikagaien tratamendua, ontzi-eraikuntzako industria, petrolio eta gas industria, petrokimikoen eta energien sormena, eta trenbide industria, industria aerospaziala eta defentsakoa.