ULMA eta Oñatiko Mendi Martxa indarrak batuta — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMA eta Oñatiko Mendi Martxa indarrak batuta

Larunbat honetan, irailaren 16an, Oñatiko Mendi Martxaren VIII. edizioa ospatuko da, eta ULMA izango da babesle nagusia. Martxaren aurkezpena ULMA Taldearen auditorioan ospatu da eta bertan izan dira Ibon Calvo ULMAko presidentea eta Iosu Lizarralde probaren antolatzailea.
ULMA eta Oñatiko Mendi Martxa indarrak batuta
2023/09/14

Oñatiko Mendi Martxa 2015ean eginzen estreinakoz eta urtez urte indarra hartzen joan da, egun Oñatiko kirol-jardueren egutegian lekua egin arte.

Arrakasta horren adibide argia da azken bi urteetan parte-hartzaileen kopurua ezarritako mugaraino iritsi dela. Are gehiago, aurten eskainitako 1.000 plazak agortu dira izen-ematea ireki eta egun gutxira.

Hori dela eta, martxa hasten joan da eta horrekin batera handitu dira kostuak eta antolatzeko behar diren baliabideak. Arlo horretan jauzi garrantzitsua eman da edizio honetan eta sinatutako akordioari esker, ULMA izango da aurtengo edizioaren babesle nagusia.

Ibon Calvo ULMA Taldeko presidentearen hitzetan, ULMAk bere sorreratik ari da lanean bertako garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko: "ULMA pertsonengan oinarritutako proiektua da eta pertsonak ditu erdigunean. Horregatik, gizartearekin dugun konpromisoari heltzen diogu eta gure egiten dugu ingurumena zaintzea eta tokiko kirola bultzatzea".

Larunbatean egingo den martxa "gure inguruko natura-ondare aberatsa ezagutzeko eta gozatzeko aukera paregabea" dela azpimarratu du.

Informazio praktikoa

  • Parte hartzaileek bi ibilbide aukeratu ahal izango dituzte: 21 km-ko laburra eta 32 km-ko luzea. Bidean 3 anoa postu izango dituzte, Udanan, Arranoaitzen eta Irunberrin.
  • Irteera herriko plazan izango da, 7:00etan ibilbide luzerako eta 8: 00etan ibilbide laburrerako.
  • Ibilbidean zehar Gurutze Gorriaren zaintza postuak egongo dira eta ibilbidearen amaieran kiroldegian dutxa zerbitzua egongo da.
  • Aurten ere, parte-hartzaile bakoitzeko euro bat emango zaio Hotz Oñati GKEari. Ibilbidearen amaieran, parte-hartzaile bakoitzak kamiseta bat jasoko du opari gisa.
  • Nobedade gisa, aurten argazki lehiaketa bat antolatu da. Parte-hartzaile bakoitzak ibilbidean zehar ateratako argazkiak aurkeztu ahal izango ditu eta irabazleak gau bat izango du Arantzazuko bordan.