ULMA ere Euskaraldirako prestatzen — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

ULMA ere Euskaraldirako prestatzen

Udazken honetan Euskaraldia egingo da berriro, hau da, euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. ULMAn ere ariketarako prestatzen ari gara.
ULMA ere Euskaraldirako prestatzen
2020/10/01

Gaia negozioetako organoetan eta zuzendaritzetan aztertu ondoren ariketan parte hartzeko izena eman da entitate edo negozio modura. Hemen ikusi dezakezue ULMAn egingo denaren berri zabaltzeko sortutako bideoa.

Orain, norbanakoon txanda da, ahobizi edo belarriprest izango garen erabaki eta ariketan izena emateko txanda. Parte hartu nahi baduzu, zure negozioan horretarako zabaldutako bideetatik  egin beharko duzu.

Aurten bi modu egongo dira entitate barruan parte hartzeko. Batetik, ariguneak sortuko dira. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko dute uneoro. Gune horietako kideek ahobizi eta belarriprest moduan parte-hartuko badute ere, modu kolektiboan egingo dute ariketa. Bestetik, ariguneetan egon ezin duten kideak daude; horiek norbanako moduan egingo dute ariketa: belarriprest eta ahobizi rolekin.

Beraz, ariguneetan egon edo ez, Euskaraldian parte hartu nahi duen edonork, ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta izena eman beharko du. Rolen inguruan zalantzan bazaude, gogoratu:

  • Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan eta ulertzen duten guztiekin euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!
  • Belarriprest izatea eta hitz egiteko gaitasuna ez daude lotuta, jokaera da gakoa! Dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut. Nik ia dena ulertzen dut eta neuk erabakitakoan hitz egingo dut. Horrela jokatuz gero, zer? Belarriprest zara!

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin nahi baduzu, aukeratu rola eta eman izena zure negozioan bertan.