ULMA Conveyor Componentsek bere historiako eskaririk handiena lortu du — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Conveyor Components

ULMA Conveyor Componentsek bere historiako eskaririk handiena lortu du

ULMA Conveyor Componentsek bere historiako eskaririk handiena lortu du, 3.7 milioi euro, HDC meatzaritzako arraboletan, Porto Sudeste Itaguaí burdin mearako portuko terminal berrirako, Brasilgo Rio de Janeirotik 80 km ingurura.
ULMA Conveyor Componentsek bere historiako eskaririk handiena lortu du
2012/03/03

Proiektua Zaragozako TAIM WESER ingeniaritzak egingo du, EBX taldeko logistikako enpresa den Brasilgo LLX enpresarentzat. Materiala aurki hasiko dira ematen -50.000 HDC arrabol inguru (Heavy Duty Conveyor), karga astunetarako-, eta entregak 2012 osoan zehar mantenduko dira. Terminal berria pribatua izango da, erabilera mistokoa, eta batez ere MMX enpresaren burdin mea esportatzeko erabiliko da; enpresa hori EBX taldeko meatzaritza enpresa da, eta Rio de Janeiro ondoko Minas Geraisen ditu ustiategiak.

Portu berria MRS trenbidetik 2 km-ra baino ez da egongo, eta horrek burdin mea jasotzeko zuzeneko konexioa izatea ahalbidetuko du, bai MMXtik datorrena, bai Minas Geraiseko Burdin Laukia esaten zaioneko beste gune batzuetako ekoizleengandik datorrena, horiek gaur egun ez baitute esportatzeko aukerarik, bertan instalazio logistikorik ez dagoelako. Porto Sudestek 52 hektareako azalera okupatuko du, 72 futbol zelairen pare, eta 2,5 milioi tona mea biltegiratzeko ahalmena izango du. Hasieran, terminalean urtero 50 milioi tona mineral mugitu ahal izango dira, urtero 100 milioi tonara iristeko aukerarekin.

Porto Sudesteko proiektuak 1.800 milioi errealeko aurrekontua dauka (811 millioi euro) eta aurreikusita dago 2012an funtzionatzen hastea. Zinten zirkuituaren luzera gutxi gorabehera 13.000 m da. Garraiagailuen ahalmena 15.000 t/h izan daiteke, eta 1.600 eta 2.400 mm arteko banda zabalera dute eta 3 eta 4,8 m/s arteko abiadura.