ULMAk eta TECNALIAk modulu fotovoltaikoen instalazio bat egin dute NEIKEReko berotegi baten gainean — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Agrícola

ULMAk eta TECNALIAk modulu fotovoltaikoen instalazio bat egin dute NEIKEReko berotegi baten gainean

ULMA Agricolak + ULMA Innovacionek, Energia unitatearen bitartez TECNALIArekin izenpetu zuten hitzarmenaren ondorioz, dagoeneko modulu fotovoltaikoen instalazio bat egin dute, 400 m2 inguruko kristalezko berotegi baten gainean.
ULMAk eta TECNALIAk modulu fotovoltaikoen instalazio bat egin dute NEIKEReko berotegi baten gainean
2012/03/01

ULMA Agricola + Innovacion eta TECNALIA partzuergoak garatu duen modulu fotovoltaiko berriak elektrizitatea sortzea ahalbidetzen du, laboreak gehiegizko itzala jasan beharrik gabe. Lenteetan oinarritutako sistema optiko baten bidez eguzkiaren traiektoriaren altueran urtean zehar dagoen oszilazioa aprobetxatuz, eguzki erradiazioa desbideratzea lortzen da, urteko sasoiaren arabera. Inolako eguzki jarraipen mekanikorik egin beharrik gabe, teknologiak aukera ematen du edozein laborek eskatzen dituen beharrak asetzeko. Horrenbestez, negu garaian (urritik otsailera arteko tartea), berotegi barruko argia ez da ia urritzen; parametro hori funtsezkoa da landareak ongi garatuko badira. Udan, ordea, sistema optikoak eguzki erradiazioa modulua osatzen duten zelula fotovoltaikoetara desbideratzen du, eta helburu bikoitza lortzen du: tenperatura altuen garai kritikoan berotegiari hozkuntza ematea, eta, horrez gain, elektrizitatearen ekoizpena handitzea, sistema fotovoltaikoaren bitartez.

Gaur egun probak egien ari dira ULMA Agricolaren berotegi batean, Neikerrek Derion daukan zentro teknologikoan. Lehenengo saiakuntzetarako aukeratu diren laboreak tomatea eta piperra izan dira. Labore horiek aukeratu dira munduan zabalduen daudenetako bi direlako, argitasun handia behar dutelako eta balio erantsi handiko produktuak direlako berotegi barruko nekazaritzaren arloan.

Udan zehar egindako testean laborearen parametrorik kritikoenak neurtu dira, hala nola PAR erradiazioa eta totala, hezetasuna eta tenperatura. Halaber, modulu fotovoltaikoaren azpian dagoen laborearen kalitatea eta ekoizpena kontrolatu dira, eta beirazko ohiko estalki baten pean lortutako datuekin alderatu eta gero emaitza positiboak lortu dira; azaroaren erdialdetik 2012ko martxoaren amaierara arte neguko testa egingo da, adierazle berberak kontrolatzeko, eta horretan ere antzeko emaitzak lortzea espero da.

Modulu berriak, beraz, dispositibo fotovoltaikoak eta nekazaritzakoak elkarrekin egotea ahalbidetzen du. Sasoiko erradiazioa eta berotegi barruko tenperatura kontrolatzeko elementu gisa funtzionatzen du, eta nekazariaren jarduera ekonomikorako lagungarria ere izan daiteke, lortutako energia salduz eta/edo autokontsumituz.

Garatutako teknologiak neguko gehiegizko itzalari eta udako gehiegizko erradiazioari lotutako arazoak saihestea ahalbidetzen du, modu erraz, sendo eta eraginkorrean. ULMA Agricolako berotegietan aurretiazko landa probak egin eta balioztatu eta gero, partzuergoaren nahia da 2012ko bigarren seihilekorako produktua merkaturatzeko prest edukitzea.