Parte hartu ekimen honetan eta gozatu Txantxiekin
Merkataritza Biziberritzeko Planean aurreikusitako ekimena da eta bere herritarrei eta herri honetako enpresetara etortzen diren langileei Oñatin dauden 90 establezimendu baino gehiagoren eskaintza hurbiltzea da bere asmoa. Oñatiko Txantxi Monetak 6 billete ditu: 10 eta 50 zentimokoa, euro batekoa, bostekoa, hamarrekoa eta hogeikoa. Horietan Oñatin ezagunak diren natur inguruneak agertzen dira, hala nola, Aitzulo kobazuloa, Usako presa, Aloña mendia, Iturrigorri basoa eta baserriak, eta horretaz gain, Oñatiko armarria eta “txantxiku” igelaren oinatza ere bai, oñatiarrak izendatzeko erabiltzen denarena, alegia.
Aurkezpenean azaldu zutenez, monetaren estanpazioan erabilitako baliabide grafiko ezagun eta gertukoek hartzaileei ekimena hobeto barneratzen laguntzen diete, izan ere, “naturaren benetako altxorrak direnek, merkataritzak eta ostalaritzak bezala, herria aberastu egiten dute eta merezi du horiek babestea eta iraunaraztea”. Txantxi moneta sozialaren proiektua dagoeneko abian diren beste ekimen batzuen gisakoa da, besteak beste, Iruñeko “Txanpon”, Madrileko “boniatos” eta Bartzelonako “Ecos” ekimenak. Horien helburua krisiaren eragina arintzea da, aberastasunaren sakabanaketa murriztuz eta kontsumo jasangarriari eta tokikoari lagunduz.
Beraz, ekimen honen arrakasta gizarteko eragile guztien parte-hartze eta konpromisoaren araberakoa izango da. Horren adibide dira udaletxeko langileek egun jasotzen duten soldataren zati bat txantxietan jasotzen dutela eta sari banaketak eta hobariak ere moneta soziala erabiliz egiten direla. Sustatzaileek azaltzen dutenez, keinu hauek monetaren mugimendua bultzatuko dute eta erosketetan erabiliz eta inguruneko enpresa eta kooperatibek ekimenarekin bat eginez, efektu bikoitza izango lukete, tokiko merkatua dinamizatuko litzatekeelako eta herrian funts sozial bat sortu ahal izango litzatekeelako, herrian elkartasun proiektuak garatzeko.
Gure ingurune sozioekonomikoan Txantxi moneta soziala arrakastatsua izan dadin ULMA Taldeak nola lagundu dezakeen bururatzen bazaizu, zure iradokizunak grupoulma@ulma.com helbidera bidaltzera animatzen zaitugu, azaroaren 14a baino lehen. Ideiarik onena eman duenak moneta soziala osatzen duten billeteak jasoko ditu sari gisa, guztira 36,6 Txantxi, Gabonetako erosketetan erabili ahal izango dituenak. Animatu eta parte hartu!