Mediterraneoko krisi humanitarioari buruzko hitzaldia eta erakusketa ULMAn — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Mediterraneoko krisi humanitarioari buruzko hitzaldia eta erakusketa ULMAn

Aurten, Itsas Salbamendu Humanitarioari urtero ematen diogun lankidetzaz gain, errefuxiatuei eta GKE honek Mediterraneo Itsasoan egiten duen lanari buruzko hitzaldi eta erakusketa bat antolatu dugu ULMAko Zerbitzu Zentraletako auditorian.
Mediterraneoko krisi humanitarioari buruzko hitzaldia eta erakusketa ULMAn
2024/06/12

Auditorioko edukiera mugatua da. SMH-k uztailaren 2an, 17:30etan eskainiko duen hitzaldira joan nahi baduzu eman izena hemen

ULMAk jardunaldi hau antolatu du Itsas Salbamendu Humanitarioko kideek (SMH) egiten dituzten sentsibilizazio kanpainak babestu eta migrazioaren errealitatea eta Aita Mari erreskate-ontziko tripulazioak misioetan bizi izandako esperientziak hurbiltzeko helburuz.

Hitzaldian, Mediterraneo itsasoan egin duten azken misiotik itzuli diren SMH-ko boluntarioek Europako migrazio-itun berriari buruz hitz egingo digute, itun horrek bereziki emakumeengan, adingabeengan eta kolektibo ahulenetako kide diren pertsona migratuengan izango dituen ondorioei buruz.

Hitzaldiaz gain, auditorioaren sarreran argazki erakusketa bat jarriko da, 2016az geroztik Chiosen (Grezia) eta Mediterraneo erdialdean egin dituzten misioei buruz.

Itsas Salbamendu Humanitarioa

SMH Euskadin egoitza duen erakunde humanitario bat da, 2015ean sortua. Mediterraneo itsasoan lan egiten dute, zailtasunak dituzten itsasontziak erreskatatuz, eta lehorrean, iristen diren pertsonei laguntza emanez. Aita Mari da 2018an erosi zuten erreskate-ontzia. Hainbat misio egin ditu urte hauetan, 1.000 pertsona baino gehiagoren bizitza salbatuz.