Irailaren 23an Euskara plazara, ULMAz ULMA bidegorrian zehar
Konpromiso hori gizarteratzeko asmoz, irail erdialdera, ULMAko pertsona erreferenteak Oñatiko ikastetxeetara joan dira LH6-ko umeei ULMA ezagutzera eman eta euskararen normalizazioari egiten dion ekarpena azaltzeko. Eta, konpromisoaren eta kooperazioaren bidetik, irailaren 23an bidegorriak euskararentzat izango dira, jendez eta konpromisoz beteko ditugu bidegorriak eta Oñatiko plaza. Ostiral horretan, herriko plazan elkartuko gara umeekin haien bizikletekin eta kaskoa jantzita, ibilbidearen hasierara joateko, ULMA Architectural Solutionsera (Polimerora). Eta handik joango gara denok bidegorrian zehar, ULMAz ULMA Oñatiko plazaraino
Irailaren 23an hurbildu bidegorrira! Hurbildu euskarara!
Irailaren 23ko egitaraua
- 16:30 Denok elkarrekin, ULMAko langileak eta erretiratuak, LH6-ko umeak eta nahi duenak… bizikletaz kaskoaz, oinez, korrika, patinetez edo norberak nahi duen moduan, bidegorrian zehar Zubilagako errotondatik Oñatiko plazaraino.
- 18:30 Oñatiko plazan ULMAko Euskararen Muralen erakustaldia. Gure zuhaitzak “landatuko” ditugu eta hosto-pegatinak egongo dira, herritarrek ere muraletan idazteko euskararekiko konpromisoak.
- 19:00 Amaia Txintxurreta DJ emanaldia, musika eta dantza herriko plazan.
EUSKARA HIZKUNTZA ESTRATEGIKOA DA ULMAN
ULMAren Gizarte Erantzukizunaren baitan kokatzen dira hizkuntza ekologiaren diskurtsoa eta Bidegorriak Euskararentzat egitasmoa, hau da, ULMAk inguruarekin daukan konpromisoaren barruan. Izan ere, ULMAk bere balio kooperatiboen baitan, konpromiso argia erakusten du bere ingurunean onura zabaltzeko, eta hor kokatzen da euskal kultura eta euskara sustatzeko lana. ULMAk bere ekarpena egin nahi du lan arloan euskara gero eta gehiago erabiliz, ULMA ere ekosistema horren parte baita.
55 urte
ULMAk 55 urte betetzen dituelako, ULMA Fundazioak kontzertua antolatu du. Horrela, Bidegorriak euskararentzat egitasmoari amaiera emango diogu eta urtebetetzea ospatuko dugu Oñatiko herriarekin.
- 22:00 Oñatiko Parrokian: KALAKAN kontzertua. Ipar Euskal herriko musika taldea da eta kantu herrikoien moldaketa minimalistak, perkusioa eta ahotsak, egitea da haien berezitasun aipagarriena.