Ibai Lazkanok irabazi du ULMAko pieza diseinatzeko lehiaketa
Hogei proposamen baino gehiago jaso ditugu, eta ULMA Taldeko Kontseilu Orokorrak osatutako epaimahai batek egindako hautaketa-prozesu baten ondoren, ULMA Constructioneko Ibai Lazkanoren pieza aukeratu dute.
Parte hartu duzuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu ULMAk ingurunearekin duen harremana irudikatzeko erakutsitako sormenagatik eta ikuspegi hori marrazki batean islatzeko egindako ahaleginagatik.
Zergatik animatu zinen parte hartzera?
Lehiaketa martxan jarri zen astean mendira joan nintzen, eta beste hainbatetan bezala, Arantzazutik pasatu nintzen. Lan ostean bertara joatea oso gustoko dut. Eraikinaren aurrean nintzela etorri zitzaidan inspirazioa. Fatxada osatzen duten arantzekin zerbait egin nahi nuen. Gainera, tokiak karga sinboliko handia du hainbat mailatan: zailtasunen aurrean elkarrekin loratu, lankidetza, elkartasuna, natura, artea, kultura…
Zer irudikatzen du zure proposamenak?
Proiektua ez da gurekin jaio. Zentzu horretan ULMA lekuko gisa ikusten dut, eskuz esku, belaunaldiak lotuz dabilena. Bestalde, inguruari dagokionez, Arantzazurekin lotu dut. Bertako “arantzekin” zehazki. Oso adierazgarria izateaz gain, karga sinboliko handia dutelako.
Bukatzeko, hodia. ULMAren historia ezin da ulertu “hodirik” gabe, beraz, eta gure misioarekin lotuz: Talde kooperatibo (lekukoa), industrial (hodia) bat gara, eskualdean (Arantzazu) oso errotua dagoena eta orokorrean Negozio bidez antolatua dagoena, proiektu sozioenpresarial bakarra (arantza multzoa) garatzeko.
Azkenik, adierazi nahi dut ohore bat izan dela niretzat. Gure egunerokoaren parte oso esanguratsu bat lanean ematen dugu eta kooperatibak nire ideia bat balioan jartzea berezia da niretzat. Eskerrik asko!