Gomiztegi artzain eskolan, euskara praktikatzen
Iazko azaroan espeleoabentura saioa egin zuten Arrikrutz koban, eta aurten, berriz, Arantzazun bazkaldu eta oinezko ibilaldia egin zuten Gomiztegira. Bertan, artzainaren erakustaldia ikusi zuten eta Gomiztegiko arduradun batek artzaintzaren inguruko azalpenak eman zizkien: artaldea nola gobernatzen den, esnearen produkzioa, gazta egiteko prozesua…
Parte-hartzaileek esan dutenez, ikusgarria izan zen ardiei ilea mozten bertatik bertara ikustea, eta baita ardi bakoitzaren kontrola zelako zorroztasunez eramaten duten ikustea ere. Horrez gain, 4 gazta ezberdin dastatzeko aukera ere eduki zuten, Upaingo txakolinaz lagunduta. Konbinazio bikaina.
Ekintza honen helburua izan da euskara lanetik kanpo praktikatzea eta era berean, euskara ikasten diharduten lankideek eta beraien berbalagunek ULMAn egunez egun euskararekiko erakusten duten inplikazioa errekonozitzea. Ekintza hau ULMA Taldeko Motibazio Taldeak antolatu du, euskara planaren barruan.