Ezingo da Korrika egin, baina euskalduntzeak aurrera darrai — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

Ezingo da Korrika egin, baina euskalduntzeak aurrera darrai

2021. urteak Korrikarena izan behar zuen, baina ezingo da egin euskararen aldeko ekitaldia. Dena den, Korrika ez da euskara sustatzeko ekinbidea soilik, AEK da Korrikaren antolatzailea eta bere xedea Euskal Herriko biztanle guztiek euskara ezagutzea, eta herritarrek egunerokoan euskara normaltasunez erabiltzea da, horretarako herritarren euskalduntzean eta alfabetatzean aritzen da nagusiki.
Ezingo da Korrika egin, baina euskalduntzeak aurrera darrai
2021/03/11

Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako.

ULMA ere zubi hori eraikitzeko lanean ari da. 2006an ULMAko negozio batzuetan lehenengo Euskara Planak martxan jarri zirenetik urtero eskaini dira euskara ikasi edota hobetzeko ikastaroak. 15 urte horietan 685 ikasle ibili dira euskara eskoletan. Eskerrik asko urte hauetan euskara ikasi eta hobetzeko ahalegina egin duzuen guztioi!

Egun, euskararen ulermen maila ULMA Taldean %85 ingurukoa da. Beraz, oraindik bada zer egina ULMAko guztion ulermen maila bermatzeko, bide horretan lanean jarraituko dugu: eskolak antolatzen, Korrikan eta euskararen aldeko ekintzetan parte hartzen, Euskal Herria euskalduntzeko gure aletxoa jartzen...

Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!