Euskara Plana ULMA CONVEYOR-en
Lehenik eta behin, Euskara Planaren diseinua egingo da. Horrela bada, euskararen egoeraren diagnosia egingo da batetik, eta aurrera begirako erronka eta helburuak zehaztuko dira bestetik. Hala, besteak beste, euskararen erabileraren kale-neurketa jasoko da, arlo ezberdinetako pertsonekin hainbat elkarrizketa egingo dira eta lankideei inkesta bat pasako zaie; ondoren, bertan jasotako datu eta informazioa aztertu eta hurrengo urteetarako helburu nagusiak zehaztuko eta proposatuko dira. Helburu horiek, lau ardatz argi izango dituzte: euskararen gaineko motibazio eta sentsibilizazioa, euskararen erabilera, euskararen ezagutza eta Euskara Planaren erakundetzea.
Egiteko hau aurrera eraman ahal izateko, ULMA Conveyor-eko Euskara Batzordea osatu berri da, kooperatibako hainbat lankiderekin batera. Diseinua eta Euskara Plana prestatzeko zereginetan Emun Koop. E.-ren (www.emun.com) aholkularitza edota laguntza izango du ULMA Conveyor-eko Euskara Batzordeak.