100dik gora nerabe eta gaztek hartu dute parte ULMA Taldeak antolatutako hausnartzeko zinemaren bi saioetan — Begira - Ulma aktualitatea

Ulma Taldea

100dik gora nerabe eta gaztek hartu dute parte ULMA Taldeak antolatutako hausnartzeko zinemaren bi saioetan

Guztira DBH-ko 3. eta 4. mailako 111 gaztek, Elkar Hezi ikastetxekoak eta Txantxiku Ikastolakoak, hartu dute parte ULMA Taldearen Auditorioan emandako bi saioetan.
100dik gora nerabe eta gaztek hartu dute parte ULMA Taldeak antolatutako hausnartzeko zinemaren bi saioetan
2012/11/09

ULMA Taldeak, bere Fundazioaren bidez eta Gizarte Sustapeneko bere proiektuaren baitan, saio hauek antolatu ditu, zeinak 2012ko ekimenen bere dekalogoan kokatzen diren. Joan den urriaren 17an eta azaroaren 6an, Oñatin, ULMA Taldearen Auditorioan, burutu ziren hausnartzeko zinemaren bi saioak.

Baketik-ekin batera antolatutako ekimena  izan da, eta DBH-ko 3. eta 4. mailako ikasleei zuzendu zaie. Ekimenak bi helburu zituen: batetik, hausnartzeko ohitura bultzatu eta izaera kritikoa sustatzea, horretarako zinemaren baliabidea erabiliz; bestetik, gazteek filmetan landutako gaien inguruan hausnartzea, eztabaida eta elkarrizketa eraikitzaileak dinamizatuz.

Lehen saioa urriaren 17an burutu zen eta Elkar Heziko DBH-ko 4. mailako ikasle gazteei zuzendu zitzaien. Aipatu saioan, gazteek “El Truco del Manco” filma ikusi zuten eta pertsonen mugak, frustrazioak eta esfortzua izan zituzten aztergai. Saioa hiru bloke desberdinetan banatu zen: lehen blokean pertsonen mugez eta horiek gainditzeko moduez eztabaidatu zen; jarraian filma ikusi zuten eta, azkenik, 5 laguneko taldetan filmeko pertsonaia desberdinen jokatzeko moduak aztertu zituzten eta horietako bakoitzak mugen eta zailtasunen aurrean nola jokatzen duen landu zuten. Lehen saio honetara etorritako 28 ikasleek ondo baloratu zuten ekimena, eta 7,7ko batez besteko nota jarri zioten.

Azaroaren 6an burututako bigarren saioan Txantxiku Ikastolako DBH-ko 3. eta 4. mailako 80 gaztek baino gehiagok “Felices 16” filma ikusi zuten, askatasunaren, aukeraketen eta ondorioen inguruan hausnartzeko. Saio honetan, bertaratuen kopurua zela eta, ezin izan zen dinamikarik burutu talde txikietan eta horrenbestez, dinamika egin zen filma hasi aurretik eta bukatu ondoren. Txantxiku Ikastolako ikasleek ere positiboki baloratu zuten ekimena, eta batez beste 7ko nota jarri zioten.

Informazio gehiagorako, sartu ULMA Fundazioaren webgunean: http://www.ulmafundazioa.com