Ulma Taldea
“ULMA Taldea pertsonek eraiki dugu, eta horrela beharko du izan etorkizunean ere”
ULMA Taldeko ohiko batzarrak, joan den ekainaren 14an, Lander Diaz de Gereñu aukeratu zuen ULMA Taldeko Kontseilu Orokorreko lehendakari berria izateko, 4 urteko aldi baterako. Karguan hilabete gutxi daramatzan arren, Landerrek ULMAren gaurkotasuneko hainbat gairi buruzko ikuspegia eskaini digu.
:: Lander, oraindik hilabete gutxi dituzu ULMA Taldeko lehendakari moduan, baina… zer balantze egin zenezake denbora horretan? Espero zenuena?
Bat horrelako kargu batean sartzen denean, zaila da zer izan daitekeen pentsatzea. ULMA Taldeko negoziorik handienetako bateko lehendakaritzan lau urtez izan dudan esperientziak dezente lagundu dit, baina horrelako aldaketa bat beti da jauzi kualitatibo bat.
Negozio bateko lehendakaritzan sartzen zarenean, mundu ezezagun bat irekitzen zaizu, han zegoela jakinda ere. Negozio horri buruz hartzen den ikuspegi globala guztiz beharrezkoa da kargua betetzeko, eta hainbat organotan jardun behar izateak, esaterako, Zuzendaritza Kontseiluan, Kontseilu Errektorean eta Kontseilu Sozialean, aukera ematen dizu zuzenean harremanetan egoteko eguneroko arazoekin borrokatu behar diren pertsonekin, baina batez ere epe luzerako arazoekin borrokatu behar direnekin.
ULMA Taldeko lehendakaritzan sartzeak Negozioan ematen den jauzi kualitatibo hori eskaintzen eta eskatzen du, baina oraingoan Talde mailan. Horrek esan nahi du harreman zuzena izan behar duzula beste Negozio batzuetan zein Zerbitzu Zentraletan lanean ari diren kideekin, organo eta batzorde ugaritan parte hartu behar duzula, Negozio bati baino gehiagori eragiten dioten talde mailako gaiak lantzeko.
[...]